Saihestezina da. Urteak pasatu ahala, herriak aldatzen doaz. Aldatzen doaz ohiturak, aldatzen doaz herritarrak, eta aldatzen doa baita ere herriaren itxura. Lasarte-Oriarena ez da salbuespen bat. Egia da eraikin batzuk gerra osteko Lasarte-Oriako paisaiaren parte zirela. Hala ere, gaur egungo edo duela 50-60 bat urteko argazkiak alderatuz gero, ikusi daiteke herria garatu eta itxuraldatu egin dela urte horietan guztietan zehar.
Argazkiak tresna oso baliotsuak dira herrien memoria berreskuratzeko. Garai horietan bizi ziren herritarren testigantzak ere altxor preziatuak izan ohi dira. Bada, bi lanabes horiek baliatuko ditu Ttakun Kultur Elkarteko Oinatz taldeak, datorren larunbatean: ibilbide gidatu bat antolatu dute herriko zenbait guneetan barrena.
Okendo plazan bilduko dira ibilbideari hasiera emateko, 9:30ean. Lasarte-Oriako hainbat gune desberdinetara joango dira, gerra osteko herria nolakoa zen ezagutzera. Horretarako, Miren Egizabal herritarraren laguntza izango dute: azalpenak emango ditu ibilbidean zehar. Bestalde, herritarren laguntzaz argazkiak eskuratu ditu Ttakunek, eta ibilbide gidatuan erabiliko ditu.
Herritarren laguntza
Antolatzaileek zehaztu dutenez, gerra osteko Lasarte-Oria islatuko dute datorren asteko ibilbidean (50. eta 60. hamarkadak, batez ere). Argazkiak biltzeko eta garai horretan herria nolakoa zen deskubritzeko hainbat herritarren laguntza izan dute.
Garai batean ATCko saskibaloi taldeko jokalariak izandakoengana (Urrezko neskak ezizenarekin ere ezagunak dira) jo zuen Ttakun KEko Oinatz taldeak. Taldean aritutakoek hainbat laguni ere komentatu zieten garai bateko Lasarte-Oria gogora ekartzeko asmoa zegoela, eta bilerak egiten hasi ziren.
Astearte arratsaldean egin zuten bilera horietako bat, Gil farmazia atzean dagoen lokal txikian. Mahai baten bueltan bildu, eta eurak txikiak zireneko pasadizo eta anekdota bitxiak kontatzen hasi ziren. Denen artean ekarri zituzten gogora euren haurtzaroko garaiak, 'Lasarte-Oria zuri-beltzean' (Udalak argitaratu zuen liburu hori 2003an, Tomas Fernandez herritarraren hainbat argazki baliatuta) liburuan agertzen diren hainbat argazki zaharrez lagunduta.
Harrigarria izan zen ikustea zein memoria ona daukaten bildu ziren lagunek, gerra osteko pasadizo eta istorioez oroitzeko: “Ez dugu gogoratzen zer bazkaldu dugun eguerdi honetan, baina gure haurtzaroko garaiaz hitz egiten hasten garenean...”, aipatu zuten barre artean.
Argazkiak eskuan eta irribarrea ahoan, haurtzaroko hainbat anekdota eta pasadizo bitxi kontatu zituzten hamar bat lagunek.
Geltoki kalea
Gerra osteko Lasarte-Orian Geltoki kalea zen gune garrantzitsuena. Apenas ibiltzen zen autorik orduan; horregatik antolatzen ziren horrenbeste ekintza kale horretan.
Goiko argazkian ikusi daitekeenez, patio moduko bat zegoen gaur egun Kebab taberna kokatuta dagoen toki berean. “Urtero-urtero, Villabonako musikari batzuk etortzen ziren San Pedro jaietan, ekainaren 29an. Patio horretako hesien gainera igotzen ginen txikiak ginenean, musikariak jotzen ikusteko, eta haien partiturak gertuagotik behatzeko”.
Estuki lotuta joan dira Geltoki kalea eta musika, astearteko bileran komentatu zutenez: “Igandero dantza saioak antolatzen ziren kale horretan. Urreta orkestinak jartzen zuen musika giroa; hiru musikarik osatutako taldeak saio ederrak eskaintzen zituen Geltoki kalean”.
Urteko hainbat ekitalditan zen garrantzitsua Geltoki kalea. Horien artean, San Pedrotan. Festetako ia ekitaldi guztiak bertan egiten ziren: feriak jartzen zituzten, dantzak egiten ziren, komediak antzezten ziren... Bilera bukatzear zela, garai horietan festetako klasiko batez gogoratu ziren: 'Sokamuturra'. Anekdota ugariren sorburu izan ohi zen ekitaldi hori: “Urte batean lehenengo pisuraino igo zen zezena; beste batean, etxe batera ere sartu zen. Asko gozatzen genuen sokamuturrarekin”.
Garai bateko jolasak
San Pedro festak ez ziren ongi pasatzeko aukera bakarra garai haietako haurrentzat. Hainbat jolasetan aritzen ziren euren denbora librean: kaniketan, ezkutaketan, harrapaketan, tortolosetan... “Garai horretan ez genuen zinemarik edo antzekorik; egun osoa kalean pasatzen genuen”, oroitzen zuten.
Asteartean bildu ziren guztiek gogoratzen zuten gune desberdinetan aritzen zirela jolasean herrian.
'Elizatze' zen beraien jolastoki kuttunenetako bat. Izenak adierazten duen moduan, San Pedro elizaren atzealdean aritzen ziren jostatzen. Euria egiten bazuen, elizaren arkupeetan babesten ziren. Geldi ez ziren geratzen, ordea: kromoak, esku pilota... 'Elizatze' gunea ere definitu zuten bileran: “Gure garaiko kiroldegia zen”.
Bigarren gunea, nola ez, Geltoki kalea zen. Jolasteaz gain, erakusketa inprobisatuak ere egiten zituzten, modu bitxi batean. Ez dira gogoratzen zergatik, baina buztina eramaten zuten kamioiak pasatzen ziren kaletik, aldiro-aldiro. Ez ziren oso azkar joaten, eta haurrek aukera zeukaten buztina hartzeko kamioietatik. Itxura guztietako figurak egiten zituzten, gero petrilean lehortzen utzi eta erakusketak antolatu azkenik.
Beste gune bat ere aipatu zuten: Ganbo. Bertara ez ziren jolastera joaten, ordea. Antza denez nahiko toki iluna eta misteriotsua zen. Ur bila joaten ziren hara, baina oso gutxitan konpainiarik gabe: “Gurasoek ez ziguten uzten hara bakarrik joaten”.
Herri garrantzitsua
Bakarrik edo taldean, familiarekin edo lagunekin, lasarteoriatarrek hainbat ekitaldi garrantzitsuz gozatzeko aukera zuten. “Oso garrantzitsua zen Lasarte-Oria garai horietan”.
Golfa, Txirrindularitzako Mundu Txapelketak, estropadak, zaldiak, 'Polo' izeneko jolasa, luxuzko autoak... zerrenda amaiezina da. Lau trenbide zeuden orduan herrian, eta gogoratzen zuten trenbide horiek bete egiten zirela gisa horretako ekitaldiak zeudenean.
Asteartean mahaiaren bueltan bildu zirenak haurrak ziren orduan, baina ederki oroitzen zituzten herrira etortzen ziren pertsonen janzkera dotoreak. “Harrigarria zen zeinen arropa eleganteak erabiltzen zituen jendeak orduan. Nabaritzen zen Lasarte-Orian ospatzen ziren ekitaldiak oso garrantzitsuak izaten zirela”.
Modaren ikur
Lasarte-Orian ikusten ziren janzkera dotoreek eragin zuten herria modaren ikur bilakatzea garai horietan, Miarritze, Donostia eta Zarautzekin batera.
Duela aste pare bat Atondu hitzaldi tailerra eman zuen Ane Albisuk aipatu zuen hau. Hitzaldi horretan euskal jantzi tradizionalen inguruan aritu zen. Duela 50 urte baino gehiago ospatzen ziren Euskal Festetako jantziren bati buruz ere hitz egin zuen.
Asteartean bazegoen 1955eko Euskal Festetako argazki bat mahai gainean. Itxura ederra hartzen zuen kaleak: giro alaia, soinujoleak, jendea alai dantzan... 59 urte pasa dira ordutik, baina festaren esentzia ez da aldatu. Badator 2014ko Euskal Jaia.