Kulturalki, herri “aberatsa” da Lasarte-Oria, Udalaren esanetan: “70 kultura desberdin baino gehiagok osatzen dute herria. Gipuzkoako herririk anitzenetako bat izango gara; sekulako kultur aberastasuna ematen digu horrek”.
Aberastasun horren seinale, hainbat jarduera antolatuko dira Lasarte-Orian, urrian zehar. Esaterako, Euskal Herriko XXV. Andaluziar Topaketak egingo dira bihar, FARAE Euskal Herriko Andaluziar Elkarte Erregionalen Federazioak antolatuta. Hurrengo asteburuan Euskal Jaia ospatuko da, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta. Urriko azken larunbatean berriz, ‘Lasarte-Oria Guztiona’ festaren bigarren edizioa egingo da, herriko hainbat elkartek osatutako Aniztasunaren Sareak eta Udalak berak antolatuta.
“Babesa” eman die Udalak ekimen kultural horiei, “kultur aniztasuna aberastasuna da” ideia indartuz.
Andaluziar Topaketak
Andaluziar Topaketak buru-tzeko Lasarte-Oria hautatu izana “pozgarria” da Udalarentzat: “Egun hori aukera berria da Andaluziak eta Euskal Herriak elkar ezagutzeko”. Ezagutza “aspaldikoa” izan arren, Udalak uste du “sakondu” egin behar dela.
Adierazpen instituzionala
Kultur aniztasunaren inguruan aipatutako guztiaren adierazgarri gisa, deklarazio instituzional bat prestatu eta zabaldu du Lasarte-Oriako Udalak:
“1.- Ongietorria egiten diegu hilabete honetan Lasarte-Oriara hurbiltzen diren guztiei, eta festa-giroko eta alaitasunezko ospakizuna izan dadila nahi dugu.
2.- Nahi horren erakusgarri, urriaren bigarren asteburuan Andaluziako bandera ipiniko dugu udaletxe zaharreko balkoi nagusian.
3.- Era berean, urriaren hirugarren asteburuan ikurrina ipiniko dugu udaletxe zaharreko balkoi nagusian”.