Buruntzaldearako garapen agentzia baten aldeko apustua egin du EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 9a

“Kalitatezko” garapen agentzia bat sortzea. Hori da Buruntzaldeako EAJko ordezkariek gaur goizean aurkeztu duten proiektua. Hiru esparrutan egingo luke lan agentzia horrek: ekonomia suspertzean, enpleguaren sustapenean eta turismoaren sustapenean. Proiektuaren ildo nagusiak, berriz, bi dira: egiturak “publikoa eta gardena” behar duela izan, eta agentzian Buruntzaldeako Udal guztien presentzia bermatu behar dela.

Villa Mirentxun egin dute agerraldia Buruntzaldeako ordezkariek, 10:00etan. Bertan izan dira Lasarte-Oriako EAJren bozeramaile Estitxu Alkorta, Urnietako alkate Mikel Pagola, Hernaniko EAJren bozeramaile Andoni Amonarraiz, Andoaingo Mari Jose Izagirre, Astigarragako Zorione Etxezarraga eta Usurbilgo Josune Urkola.

Agentziaren egitura

Gobernu Batzordea, presidentea eta gerentea izango lituzke garapen agentzia horrek, EAJko Buruntzaldeako ordezkariek aurkeztu duten proiektuan jasotzen denez. Udaletan aukeratutako ordezkariek osatuko lukete batzordea; presidentea kide horietako bat izango litzateke. 

Alkortak esan du gerentea bakarrik kontratatzea dagoela aurreikusita, eta gaur egun diharduten udal teknikariak izango liratekeela proposamen zehatzak egingo lituzketenak. 

Onurak Buruntzaldearentzat

Estitxu Alkortak adierazi du garapen agentzia sortzeak “onurak” ekarriko dizkiola eskualdeari: “Udal guztiak elkartuago eta koordinatuagoak egongo dira, indar gehiago emango die eta eraginkorragoak bilakatuko ditu”.

Alkortak nabarmendu du Buruntzaldea dela eskualde mailako egiturarik ez daukan bailara bakarra. Hori dela eta, “hilabeteak” daramatza EAJk proposamen “serio eta argi” bat prestatzen. Alderdi politiko desberdinei aurkeztu diete proiektua, “ahalik eta adostasun handiena” eskuratzeko helburuarekin.

“Proiektuak daukan garrantzia ikusirik, EAJk proposatzen du presarik gabe eta zuhurtziaz jardutea”, ohartarazi du Alkortak. “Buruntzaldeak kalitatezko garapen agentzia bat behar du, baina behar horrek ezin gaitu behartu gauzak korrika eta presaka egitera. Adostasunetik abiatuta, ahalik eta agentzia onena sortzeko helburuarekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du EAJk”.