"Bere identitateaz herri kontziente bat dago hemen"

maider-azurmendi 2014ko urr. 6a, 12:37

Lizartzan bolada luzeak pasatzen ditu Pat Rice firologo eta Sinn Feineko mahai kide ohiak. Euskal Herria bere bigarren aberria dela dio. Gaelikoa bere bihotzeko hizkuntza da baina euskarak ere badu bere tartea eta lagun artean hitz egiten duela dio harro. Bi kultura eta errealitate politikoak oso ondo ezagutzen ditu eta hain zuzen, bigarren horretaz mintzatzera etorri zen Lasarte-Oriara.

Pat Rice Ipar Irlandan, bigarren hezkuntzako irakasle lanetan aritzeaz gain, urtetan zinegotzi izan zen Sinn Fein alderdiarekin. Indarkeria urte bortitzenak bizi zituen kargu publikoan eta bere etxean lehergailua jartzera iritsi ziren. Unionismoa nagusi zen Lisburn hirian aktibismo politikoa gogor zigortzen zen.

Sinn Feinaren baitan kultura esparruan lan egin eta gaelikoaren sustapenean pasa du bizitza erdia. Hil baino lehen, euskal literaturako lan bat gaelikora itzuli nahiko luke.

Nola iritsi zinen Euskal Herrira?

27 urte nituela Donostiara etorri nintzen ingeles irakasle bezala lanera. 1968. urtea zen. Emaztea eta bi semeekin etortzeko leku polita iruditu zitzaidan, baina orduan ezer gutxi nekien Euskal Herriaren inguruan. Hiru urte pasa nituen. 

Egonaldi horren ostean, maitemindu egin nintzen eta nire bigarren aberria da egun Euskal Herria. Boladak pasatzen ditut nire Lizartzako etxean. 

Euskara noiz eta zergatik ikasi zenuen? 

Aspaldi nahi nuen euskara ikasi. Ingelesa eta gaelikoaz gain frantsesa eta gaztelera hitz egiten nituenez euskara erronka bezala hartu nuen. Irlandara bueltatzean, bigarren hezkuntzako irakasle bezala lan egiten jardun nintzen, horrekin batera politikan aktiboki parte hartzen nuen eta Ipar Irlandako Lisburn hirian, Sinn Fein alderdiko zinegotzi izan nintzen 12 urtez. Politika, familia eta lana uztartzea ez zen erraza. 

Oso egoera zaila bizi genuen, balen aurkako txalekoarekin ibili behar nintzen, behin lehergailua jarri zuten nire etxe aurrean eta noski kotxez ezin nuen egunero ibilbide bera egin. Errepublikanoentzat garai oso zailak ziren. 

Bizitza modu horretan, ezin nuen tartea hartu euskara ikasteko. Horregatik irakaskuntzatik erretiroa hartu nuenean, serio hartu nuen euskara ikastearena. Donostiara etorri nintzen 1998an emaztearekin lagun baten etxera eta hari esan nion, posible litzateke Gipuzkoako herri txiki batean etxe bat erostea? gainera aurrekontua ez zen oso handia... Lizartzan pisu bat erosi genuen berehala, ia pentsatu gabe. Horrela euskaraz hitz egiteko esparrua ere banuen. Egun irakurtzeko gai naiz baita solasaldi informalak euskaraz egiteko ere baina gai “serioetarako” gaztelerara jotzen dut nire zoritxarrerako.

Zergatik diozu zoritxarrez?

Ez zait gustatzen gaztelera erabiltzea, euskarak Euskal Herrian bizi duen egoera dela eta, amorrua ematen dit. Hil baino lehen posible badut, euskarazko lehenengo liburua gaelikora itzuli nahiko nuke. 

Esan behar da euskara ikastea ez dela erraza baina niretzat elkartasun keinua da hainbeste maite dudan herriarekiko.

Irlandera hitz egiten al duzu?

Gaelikoa hitz egiten dut bai, baina ez da nire ama hizkun-tza. Haurra nintzela oso leku isolatuetan hitz egiten zen gaelikoa modu natiboan. Nire familian esaterako, birraitonena izan zen hizkuntza hitz egiten zuen azken belaunaldia. 

Hala ere, eskolan gaelikoa ikasteko aukera izan genuen irakasgai bezala eta nik udarak hemengo barnetegi antzekoetan pasatzen nituen hizkuntzan trebatzeko. 14 urterekin hizkuntza maila oso ona nuen eta ikasten jarraitu nuen. Nire bihotzeko hizkuntza da, hizkuntzaren sustapena nire bizitzaren parte garrantzitsua izan da. 

Hegoaldeko Irlandaren independentziak eraginik izan al zuen hizkuntzan?

Hegoaldeko Irlanda estatu independente egin zenetik 1921ean, gaelikoaren presentzia eta egoera asko hobetu da. Orduan pertsona oso helduak ziren leku isolatuetan hitz egiten zutenak. Ia galzorian zegoen leku askotan eta urteekin, berreskuratu ahal izan da. Adibidez Eskozian azken hamarkadetan kontrako bidea egin du hizkuntzak eta arrisku larrian dago, gaelikoak 60.000 hiztun ditu han.

Telebista kate bat dugu gaelikoz. Edozein lekutan istripu bat gertatzen bada, aurkituko dute irlanderez hitz egiteko gaitasuna duenik. Ezagutza aldetik kopurua handia da, baina erabilera bestelakoa da.

Hego Irlandan, inkesten arabera, 77.000 lagunek diote gaelikoa egunero erabiltzen dutela, 120.000 gaelikoa behintzat astean behin erabil-tzen duela dio, beste batzuk berriz, hizkuntza noizean behin erabiltzen dutela diote. 

Eta Ipar Irlandan?

Ipar Irlandan egoera bestelako da, ezagutza maila eskasa da. Hala ere, Belfasteko taxi beltzetan edota gune batzuetan gaelikoa entzuteko aukera gehiago dago Dublingo edozein distritutan baino. 

Protestanteen artean bada langile mugimenduaren inguruan, nolabaiteko joera hizkuntzarekiko ardura erakusten duena. Euren pentsaeran, gaelikoa hitz egitea irlandarrak direla erakusteko bidea da.   

Bi hizkuntza gutxitu izaki, pareko egoera bizi dutela uste al duzu?

Euskal Herrian euskararen egoera hobea dela esango nuke. Sinn Fein alderdiaren baitan kultura sailean lan egiten urteak eman ditut eta hartu-emanak izan ditut Euskal Herrian ezker abertzaleko kideekin. Han hizkuntzaren sustapenaren eredu bezala euskararena jartzen nuen beti.

Krisia tarteko, gaelikoz zegoen egunkari bakarra itxi zen. Gobenuak diru laguntza kendu eta ezin izan zuen aurrera egin. Salmenta kopurua txikia zen, banaketa arazoa handia zegoen eta iragarkirik ez zuen ia.

Esan behar da irlandera hitz egiten duen jendearen artean, badela talde handi bat hizkuntza irakurtzen ez dakiena.

Egoera politikoari dagokionez...

Estatu espainiarraren aldetik ez dago borondaterik egoera konpontzeko. Hori da oztopo nagusiena. Han ere hasieran ez zegoen borondaterik, gobernu britainiarra eta IRAren arteko ezkutuko bilerak egon ziren eta Inglaterrak onartu zuen ez zuela interes politiko-ekonomikorik Irlanda Iparraldean. Adierazpen horrekin onartu egiten zen nolabait noizbait lurraldearen etorkizuna erabakitzeko aukera egongo zela.

Ostean, nazionalismoa batu egin zen erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuta. Bakearen aldarrikapenarekin bat egin zuen Hego Irlandako gobernuak egunean bertan eta IRAk su etena deitu zuen. Paramilitarren kasuan, hiru hilabete beranduago egin zuten su etena. 

Negoziazioak hasi zituzten eta Ostiral Santuko hitzarmenarekin eman zitzaien amaiera. Honen oinarrian, erabakitzeko eskubidea da aitortzen dena. Sinatu da Ipar Irlandan gehiengoa egotekotan hegoaldearekin batzearen alde, Inglaterrak Dublinekin batera landuko lukeela lotze prozesua eta erabakia onartuko lukeela. 

Guk gehiago eskatzen genuen hitzarmen hartan baina ezin izan zen lortu. 

Zein uste da Ipar Irlandaren etorkizun hurbila?

2016rako erreferenduma eskatzen ari gara. Nahiko ziur nago gehiengoa ez dugula Iparraldean baina gaia bizirik mantentzea oso garrantzitsua da guretzat. 

Orain muturreko unionismoaren adarra ari da indarra hartzen, atzera bueltatu nahi dute baina ezin da. Negoziazioak utzi dituzte martxa batzuk tarteko… Belfasten bandera britainiarra ez dagoelako zintzilik urte osoan udaletxean… Ez gaude momentu onean.

Errepublikanismoaren aldetik, sektarismoarekin amaitu nahi da. Zauriak itxi, gogoa dago dena atzean uzteko baina unionismoa ez dago bide honetan. Benetako zailtasunak daude.

Eskoziako kontsultak eragina izan du?

Unionistei zer pentsatua eman die. 

Ipar Irlandan komunitatea oso bananduta al dago?

Batez ere jende gaztearen artean gauzak aldatzen ari dira. Erlijioak indarra galdu du eta gero eta gehiago dira bikote mistoak adibidez. Guk bereizitako auzoekin bukatu nahi dugu. Unionismoak ordea, sektarismoa mantendu eta indartu nahi ditu, ghettoak handitu nahi ditu.

Euskal Herrian zein pauso eman behar dira? 

Hemen nazionalismo espainiarra da oztopo nagusia. Erresuma Batuak egun, onartzen du estatu plurinazionala dela. Bestalde, herria egitea oso garrantzitsua da, Udalbiltza ezagutu nuenean oso ekimen ona iruditu zitzaidan adibidez. Herrialdea batuagoa ikusten dut orain, inork ezin die herritarrei euren eskubidea kendu. Egoera zaila ikusi arren, arrazoia ez duen bakarra da gauzak aldatuko ez direla esaten duena. Historiak erakutsi du gauzak beti aldatzen direla. 

Inork ez daki zer gertatuko den hemen, baina nire iritziz batuta egotea garrantzitsua da. Azken urteetan nortasuna landu da, bere identitateaz herri kontziente bat dago. Hori azken hamarkadetan lortu da eta aurrera pauso garrantzitsua da. Ezin da ezkortasunean erori, baikorra izan behar da etorkizunari dagokionean.