Nagusien omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 5a

Aste osoan zehar egin dituzte herriko adinekoek euren ospakizun eta ekintzak, baina asteburuko egunak izan dira egun handiak. Asteazkenean adinekoen egoitzaren aurrean bandera igotzearekin hasi zen festa eta igandean, Michelingo pilotalekuko bazkari erraldoiarekin amaitu.

Adinekoek merezitako omenaldia jaso dute. Asteazkenean banderaren igoera eta jokoak egin zituzten Isla Plazan, ostegunean Biyak Bat koruak eta Ordiziako abesbatzak kon-tzertua eskaini zuten eta ostiralean Cotillas antzerkia ikusteko aukera izan zuten herritarrek.

Asteburuko ekintzak 
Asteburuari sasoi betean ekiteko, ibilaldi neurtua egin zuten Okendotik abiatuta 40 bikotek. Kamiseta gorriz jantzita eta dortsala gainean, Okendo hasi eta Iñigo de Loiola, Goiegi, Institutua, Sasoeta eta Tajamerreko errotonda, Kale Nagusia, Goinkale eta Oria atzetan utzita, Okendon bertan amaitu zuten ibilbidea. Amaitzean sari banaketa egin zen eta urdaiazpikoak, gaztak eta xanpaina jaso zituzten opari saridunek. Arratsaldean ere gorputza mugitzeko aukera izan zuten Zaharren Egoitzako dantzaldian parte-hartuz.

Baina egun handia, herriko adinduak elegante jantzita ikusi genituen eguna gaurkoa izan da. San Pedro parrokian Xabier Andonegi eta Don Ramon apaizek emandako meza entzun eta irtetean kalejiran abiatu dira denak Manuel Lekuonaraino Amalurreko trikitlariak gidari zituztela. Bertan Biyak Bat korua eta Amaia Gonzalez Caballeroren eta haren ikasleen dantza emanaldia ikusteko aukera izan duteadinekoek.

Udalak eta Biyak Batek elkarlanean prestatutako asteburuko ekintzei amaiera behar den bezala emateko, bazkaria egin dute 370 lagunek Pablo Barrio alkatea eta Gorka Lizarraga Gizarte zerbitzuen saileko zinegotzia bertan zirela. Aurtengo omenduak Laura Munduate Arruti jaiotzez andoaindarra eta Pedro Escaño Saez palentziarra izan dira. Biak ala biak 1922. urtean jaiotakoak eta 92 urte izanagatik, umoretsu eta oroimena fresko zutela garaiko anekdotak kontatu zituzten.

Asteburu osoan eguraldi ona izan dute gaur goizean euri pixka bat egin arren eta euren ekintzak giro onean egin ahal izan zituzten.

Nagusien Omenaldiko argazki-galeria: http://txintxarri.info/galeria/640/