Agerraldia egin dute gaur goizean Usurbilgo Potxoenea kultur etxean Iñaki Ugarte Usurbilgo Kirol zinegotziak eta Lasarte-Oriako udaleko Parte Hartze zinegotzi Alaitz Mendizabalek (Gazteria eta Festak eta Kirol zinegotzi Tasio Arrizabalagaren ordez joan da Mendizabal), 12:00etan. Andoaingo eta Urnietako udal ordezkariek ez dute joaterik izan.
Lasarte-Oriak antolatzen du aurtengo edizioa. Urriaren 12an izango da, igandean, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Guztira, bost ibilbide egongo dira aukeran: Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil eta Andoain herriak kontuan hartuta diseinatu dira. Ibilbide bakoitzaren inguruko distantziak, trazatuak eta profilak egongo dira udalerri guztietan.
Andoaindik Lasarte-Oriara doana izango da ibilbideetako bat: 7,9 kilometro edukiko ditu, eta urdina eta urre zaharra izango dira identifikazio-koloreak. Oinez egin daiteke soilik eta beharrezkoak izango dira mendiko oinetakoak. Laburragoa izango da Urnieta eta Andoain lotuko dituen ibilbidea: 4,8 kilometrokoa izango da. Urdina eta berdea izango dira koloreak. Ibilbide hau bizikletaz edo oinez egin daiteke, baina jarri dute ezinbesteko baldintza bat: beharrezkoak izango dira kirola egiteko oinetakoak.
Bost ibilbideetan luzeena Usurbildik Andoainera doana da: 14,9 kilometrokoa. Urdina eta laranja izango dira identifikazio koloreak, eta oinez soilik egin ahalko dira. Beharrezkoak izango dira mendiko oinetakoak. Laburrena aldiz, Lasarte-Oriatik Urnietara doana izango da: 3,9 kilometroko luzera edukiko du. Koloreak urre zaharra eta berdea izango dira. Bizikletaz edo oinez egin ahalko da, baldin eta kirola egiteko oinetakoak badaramatzate ibilbidea egin nahi dutenek. Ibilbideetan azkenak hiru puntu lotzen ditu: Lasarte-Oria, Usurbil eta Aginaga. 9 kilometro luze izango ditu bideak. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, kirol oinetakoekin. Identifikazio koloreak urre zaharra eta laranja izango dira.
Seinaleak herrietan
Lehen esan bezala, lau udalerrietako bakoitzean jarriko dituzte ibilbideei buruzko xehetasun eta seinaleak. Seinale horiek udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oriakoak urre zahar kolorez; Urnietakoak, berdez; laranjaz Usurbilgoak, eta urdinez Andoaingoak).
Txartel bat emango zaio partaide bakoitzari, abiatzen den udalerriko zigiluarekin. Ugartek zehaztu duenez, "buff bat" jasoko dute opari "bi ibilbide" egiten dituzten partaideek. Era berean, luzeena delako, buff bat jasoko dute Andoaindik Usurbilera doan ibilbidea egiten dutenek.
Autobus zerbitzuak
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, autobus zerbitzua eskainiko dute urriaren 12an, parte-hartzaile bakoitzak aukera izan dezan bere herrira bueltatzeko. Hasieran jasotako zigiludun txartela aurkeztu beharko da zerbitzua erabiltzeko. Hiru autobus aterako dira Aginagako Ezpaldiko gasolindegitik: 12:00etan, 13:00ean eta 14:00etan.
Abiatu eta zazpi minutura iritsiko dira Usurbilera, San Inazio biribilgunera. Lasarte-Oria izango da hurrengo puntua, Dorretxeko biribilgunea zehazki. 12:15, 13:15 eta 14:15etan iritsiko dira hara. Andoainera atera eta 30 minutura iritsiko dira, Goiko plaza atzealdera. Urnietan bukatuko dira hiru zerbitzuak, Kiosko geltokian, 12:40, 13:40 eta 14:40etan.