Urteko azken hiruhilabeteko kultur programazioa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 2a

Haur eta helduen zine eta antzerkia, dantza, musika... denetariko osagaiak ditu urteko azken hiruhilabeteko kultur programazioak. Zinearen arloan etorri da beharbada berrikuntza aipagarriena: zine digitala hasiko da asteburu honetan bertan. Proiektore zaharra kendu eta digital bat jarri dute; horrek ahalbidetuko du estreinatu berri diren filmak lehenago ikusteko aukera edukitzea, besteak beste. Igande honetan bertan proiektatuko dira lehenengo bi filmak: ‘Khumba’ izenekoa haurrentzat 17:00etan, eta ‘El niño’ helduentzat 19:30ean. Prezioak 3,70 eta 5,90 eurokoak izango dira, hurrenez hurren (online 3,18 eta 5,30 euro).

Agerraldia egin dute gaur eguerdian Kultura departamentuko ordezkari Boris Nogalesek, Juantxi Ugartek eta Xabier Goitiak, 13:00ean, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Urritik abendura bitarteko kultura programazioaren inguruko xehetasunak eman dituzte.

Zine digitala

Lehen aipatu bezala, zinearen digitalizazioaren abantaila nagusietako bat estreinatu berri diren filmak askoz ere lehenago ikustea da. Horren adierazgarri, Donostiako Zinemaldian oihartzun handia eduki duen “Lasa eta Zabala” pelikularen bost pase izango dira Manuel Lekuonan: urriaren 18an eta 19an bina, 20:00etan eta 22:00etan. 20an izango da azkena, 20:00etan. Sarrera txarteldegian erosten dutenek 5,90 euro ordaindu beharko dituzte, eta 5,30 euro online hartzen dituztenek.

Horrez gain, herriko kultur etxean lehenengo aldiz zineaz 3Dn gozatzeko aukera egongo da. Urriaren 26an proiektatuko dute “Como entrenar a tu dragon” pelikula, haurrei zuzenduta. Nogalesek aurreratu duenez, “300 sarrera” jarriko dituzte salgai egun horretan, “oraingoz 300 3D betaurreko soilik” dituztelako.

“Zine digitalaren instalazioan gauza batzuk egiteke dauzkagu oraindik. Programazioa dela eta, ez digu astirik emango pantaila berria jartzeko, asteburu honetarako. Hori dela eta, lehenengo saioa pantaila zaharrarekin egingo da”, ohartarazi du Nogalesek.

Aldaketak online salmentan

Zinearen digitalizazioarekin batera beste aldaketa bat ere egingo dute: sarreren online salmenta sistema berria jarriko dute. Azaroan egingo dute aldaketa: Kutxabank sistema ezarriko dute Manuel Lekuonaren takila kontrolatzeko. Nogalesek azaldu ditu berrikuntzaren arrazoiak: “Aurrera pauso bat izango da, zenbakitzen diren sarrerak kudeatzea errazagoa izango delako”. Urrian sistema zaharra erabiliko dute: bibe.me webgunea.

Xabier Goitiak zine bonoen inguruko ohartxo bat egin du: “Herritarrek orain arte erosi dituzten bonoak aldatu ahalko dira sarrerengatik, baina berririk ez dugu salgai jarriko zinearen digitalizazio prozesua erabat bukatu arte”.

Kultura taldeekin elkarlana

Zineaz gain, beste hainbat kultur eskaintza aurkeztu dituzte azken hiruhilabeterako, herriko kultura taldeekin elkarlanean: dantza eta antzerki amateur programazioa (urriaren 17an Zurriola antzerki taldearen emanaldia, Kukukaren eskutik)  Euskadiko Andaluziako Etxeen Topaketa (urriaren 9tik 11ra) , Lasarte-Oriako akordeoi jaialdia (Zero Setteren eskutik, azaroaren 9an), Santa Zeziliako kontzertuak eta Adinekoen omenaldiaren barnean eskainiko dituzten bi antzerki (‘Cotillas’ eta ‘Molestias Clownicas’, bihar eta datorren astelehenean).

Urrian bertan antolatu dituzte beste hainbat emanaldi. Helduen antzerkiari dagokionez, ‘Figurantes’ lana oholtzaratuko dute Oskar Terol eta Asier Hormaza aktoreek, hilaren 31n. Haurrek berriz, ‘Kapsulak’ antzezlanaz gozatu ahalko dute larunbat honetan. Dantza ikuskizun bat ere antolatu dute, urriaren 25ean: Daniel Abreu Konpainiaren ‘Silencio’.

Okendoko ZineForumarekin ere jarraituko du elkarlanean Kultura departamentuak. Gauzak horrela, bi emanaldi antolatu dituzte urrian: ‘Carmina y amen’ filma emango dute 10ean, eta ‘Gran Hotel Budapest’ 24an.