Pat Rice firologo eta Irlandako Sinn Feineko mahai kide ohia herrian izan da gaur. Herritarrek erabakitzeko eskubidea izan behar dutela defendatu du mahai inguruan Pernando Barrenarekin batera. Irlandaren kasuan, bi aldeek adostu zuten herriaren nahia onartzea eta hasiera batean, “2016. urtean galdeketa egitea da helburua nahiz eta oraindik ziurra ez izan”. Irlandako prozesua ez dago bere momentu onenean bere hitzetan “unionismoak muturreko, garai bateko, jarrera hartzen ari delako”. Hala ere, atzera ezin dela egin dio eta etorkizunarekin baikor azaltzen da bai Irlandan baita Euskal Herrian ere.
Euskara eta gaelikoa
Mahai inguruaren aurretik, Txintxarrirekin izandako solasaldian, euskara eta gaelikoaren egoeraz mintzatu da luze ingeles irakaslea.
Bere ustetan euskararen egoera Euskal Herrian, gaelikoarena Irlandan baino hobea da. Esaterako, gaelikoz zegoen egunkari bakarra krisi ekonomikoa tarteko, itxi egin behar izan zela azaldu digu. Hegoaldeko Irlanda estatu independente izateak, asko lagundu du bere iritziz hizkuntzaren zabalkundean eta egun eskoletan derrigorrezkoa da eta jendeak gainera badu gogoa hizkuntza ikasteko, nortasunaren parte sentitzen du. “Gune isolatuetatik atera da hizkuntza herri eta hiri handiagoetara”. Hala ere, gaelikoa dakien kopuru handi batek inkestetan dio ez duela bere egunerokotasunean erabiltzen eta horrek erakusten du bide luzea dagoela egiteko.
Elkarrizketa osoa astelehenean Txintxarrin.