Gaur ireki da epea Gaztelekuak aurtengo ikasturtean eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko. Urriaren 9a izango da matrikulatzeko azken eguna. Interesatuta daudenak Gaztelekuko informazio bulegora joan beharko dute. Astegunetan 12:30etatik 21:00etara egongo da zabalik. Larunbatetan berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara. Lasarte-Orian erroldatuta daudenek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 euro erroldatu gabeek.
Ikastaro sorta zabala prestatu du Gaztelekuak. Astearteetan, Argazkigintza eta Txalaparta ikastaroak egin ahalko dira. Urriaren 14an hasiko dira, abenduaren 16ra arte. Ordutegia 18:00etatik 20:00etara bitartekoa da. Asteazkenetan zabalagoa da eskaintza: Polinesiako dantzak, Zeramika eta Gitarra ikastaroak antolatu dituzte. Ordutegia berdina da, urriaren 15ean hasi eta abenduaren 17ra arte. Ostegunetan Eraldatutako materialak izenekoa egongo da (urriaren 16tik abenduaren 18ra arte) eta ostiraletan, Batuka (urriaren 17tik abenduaren 19ra arte). Orduak berdinak dira.