Ukatu egin du PSE-EEk Teresategiko lurren gainbalorazioa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 29a

Agerraldia egin dute gaur arratsaldean PSE-EEren bozeramaile Jesus Zaballosek eta Iñaki Mugika zinegotziak, PSE-EEren egoitzan. Zehaztu dute Teresategiko lurrak ez direla gainbaloratuak izan, eta alderdi sozialistak ez zuela lehenetsi udaletxea aberastea etxebizitza beharren gainetik.

Duela aste pare bat EH Bilduk esan zuen garaia zela PSE-EEren hirigintza politika zalantzan jartzeko. Teresategiko lurrak jarri zituen adibide gisa; zehaztu zuen lur horiek milioi bat euro gehiagotan gainbaloratzen zituen hitzarmen bat sinatu zela 2006an. Gaur arratsaldean egindako agerraldian horri erantzun diote Zaballosek eta Mugikak.

Gogor kritikatu ditu Zaballosek EH Bilduk irailaren 19an esandakoak: "EH Bilduk eta Nerea Sanchez zinegotziak esan zuten hitzarmen hori sinatzearekin Udala aberastea bilatzen genuela, herriko etxebizitza beharraren gainetik. Lotsa gutxi eduki behar da hori esateko, joan den ostegunean Zataraingo sustatzaile eta eraikitzaileekin Hitzarmen Urbanistiko bat sinatu zutenean. Zergatik ez ditu etxebizitzak jaso, dirua beharrean?".

"Jakin nahiko nuke zein ikerketa egin diren kalkulatzeko milioi bat euro gehiagotan gainbaloratu zirela Teresategiko lurrak", adierazi du Zaballosek. "Teresategiko lurren balorazio ekonomikoa udaletxeko langile batek egin zuen, baina ez dakigu EH Bilduk zein kalkulu egin dituen". 

Udaletxearen interesen aurka

"EH Bilduk esan du udaletxearen interesen aurka egin genuela Teresategiko lurren kontuarekin, baina benetan interesen aurka doazenak beraiek dira, EAJ eta LOHPrekin batera 2013ko apirilaren 9an bertan behera utzi zutelako Teresategin industrialdea eraikitzearen proiektua", esan du Zaballosek. "Proiektu horrekin aurrera jarraitu izan balute, galera patrimonialik ez litzateke gertatuko eta Lasarte-Orian enplegua sustatuko litzateke".

"PSE-EEren hirigintza politika ezbaian jartzearekin EH Bilduk bilatzen duena Udalean beraiek egindako kudeaketa txarra estaltzea da", salatu du Zaballosek. "Nerea Sanchezek eta EH Bilduk frogatu badezakete hirigintza delitu bat egin dugula, eraman gaitzatela tribunaletara. Baina orain arte bezala batere frogarik aurkeztu gabe gezurrak esaten jarraitzen badute, guk geuk jarriko dugu salaketa", ohartarazi du Zaballosek.