Gazte Kluba martxan berriro

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 29a

Aurten ere hainbat ekintza dibertigarri egiteko aukera edukiko dute herriko gaztetxoek, martxan delako Gazte Kluba, Ttakunen eskutik. Ostiralean izango da lehenengo saioa, 17:30etan hasi eta 19:30ak arte, Erribera kaleko lokalean. Kuadrilategikoek ere egun horretan dute lehenengo zita: Okendo plazan bilduko dira 15:30ean DBH 1 eta 2. mailakoekin; 3. eta 4. mailakoekin, 16:30ean.

Ostiralak egun are bereziagoak izango dira hemendik aurrera herriko gaztetxoentzat, aukera edukiko dutelako Gazte Klubaren eskutik milaka ekin-tza eta jolas eginez, ongi pasatzeko. Ostiral honetan bilduko dira lehenengo aldiz, Erribera kaleko lokalean, 17:30ean. Saioa handik bi ordura bukatuko da, 19:30ean.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, egun horretan bertan eman beharko dute haurrek izena, Erriberako lokalean. Aurtengo ikasturteari ekiteko, 'Body alphabet' izeneko egitasmoa antolatu dute; gaztetxoek hainbat forma eta irudi egin beharko dituzte, euren gorputzak baliatuta.

Ekintza hori egiteko, antolatzaileek ohartarazi dute haurrek zenbait gauza eraman beharko dituztela etxetik. Hiru ezaugarri eduki beharko dituzte gauza horiek: koloretsuak izan beharko dute, buruaren tamaina baino handiagoak, eta gaztetxoek gustuko dituzten gauzak. 

Gazte Kluba 9 urtetik 12 urtera arteko gaztetxoentzat zuzendutako ekimena da, Ttakun elkarteak beste urte batez abian jarri duena. Beraz, herriko gaztetxoek Gazte Klubean ongi pasatzeko aukera izango dute aurten ere.

Kuadrilategi ere prest
Ostiral honetakoa izango dute lehenengo hitzordua Kuadrilategikoek ere. Okendo plazan bi bilera egingo dituzte. 15:30ean egingo dute lehenengoa, DBH 1go eta 2. mailakoekin. Handik ordubetera beste bilera bat egingo dute DBH 3. eta 4. mailakoekin. Antolatzaileek esan dutenez, bertan erabakiko dituzte talde eta ordutegiak.