Orain arte Hendaian, Errenterian edo Donostian egiten ziren halako ekimenak esate baterako, eta gaurtik aurrera baita Lasarte-Orian ere. Denera 50 bat lagun irten dira plazara iraileko azken igandean muxikoak dantzatzera, batzuek etxetik ikasita zekartzaten pausoak, eta beste batzuek aldiz, egunean bertan ikasteko aukera izan dute aurrekoak egiten zuena jarraituz. Azken finean, lainotu samar zegoen igande eguerdirako plan polita izan dute herritarrek bazkaltzera joan aurretik. Bi orduz luzatu da hitzordua, eta antolatzaileak kontent ziren jendeak emandako erantzunarekin. Gonbidapen bat ere egin nahi izan dute ekimenaren sustatzaileek, hilabeteko azken igandetan plazara gerturatzeko deia luzatu diete lasarteoriatarrei, alegia, konplexu eta lotsak etxean utzita, Okendoko dantzetan parte-hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.