Argiaren aldeko doinuak Manuel Lekuonan

jon-altuna-egitegi 2014ko ira. 27a, 10:34
Argia aldizkaria sostengatzeko kontzertua izan zen atzo gauekoa. Gaur Usurbilen ospatuko den Argia Egunaren bezperan egin zen emanaldia, aldizkaria eta udalerriarekin harremana estutu asmoz eta Argiak egiten duen euskarazko kazetaritza librea babesteko helburuarekin.

Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak kantaldiari ekin aurretik eskerrak eman zizkien musikariei, Argia diruz zein irakurriz laguntzen dutenei eta Lasarte-Oriako Udalari kontzertua antolatzeko erraztasunak emateagatik.

Erlojuan 22:00ak pasatxo zirenean hasi zen ikuskizuna Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kidearen eskutik. Deabruak Teilatuetan taldearen pieza pare bat bakarlanean jo ostean, Jon Basaguren gasteiztarrak hartu zion lekukoa. Izaki Gardenak taldeko kideak Itsasargiak azken laneko “Ni naiz” kantua jo zuen gitarra akustikoarekin eta pianoa eta ahotsaren indarra soilik, bihotzera ailegatzeko nahikoa dela erakutsi zuen Estitxu Pinatxok.

Iparraldera jauzi eginda, Pierre Paul Berzaizek Imanol Larzabal laguna izan zuen gogoan Xabier Leteren hitzen bidez. Zuberoako doinuek goxatu zituzten kontzertura gerturatu ziren 200 lagunen belarriak.

Anari oholtzaratzearekin batera ileak laztu zitzaizkon bati baino gehiagori. Ahots urratuarekin kultur-etxeko ikus-entzuleen arimak uzkurtu zituen "Efemerideak" eta "Eskerrak ahulak garen" kantuen bidez.

Tonuz erabat aldatuta, Alboka boskoteak, Allan Griffin alboka-jole irlandarra buru, doinu biziak utzi zituen areto nagusian akordeoi, gitarra, alboka eta bibolinak lagunduta. Erritmo ezberdinarekin, arnasa eman zion emanaldiari eta azken aldiz Argia Eguna Goizuetan ospatu zen hartan zinean (egungo gaztetxean) jotzen izan zirela kontatu zuten.

Petti nafarraren txanda iristearekin batera, iritsi bazen iritsi, bozgorailuak soberan zeudela konturatu zen entzulea. Ahots indartsuz, kanta propio bat eta Leonard Cohenen bertsio bat interpretatu zituen maisutasun handiz.

Karteleko izenik ezagunenaren txanda iritsi zen beratarraren atzetik. Mikel Urdangarinek ohi bezala, gitarraren konpainian ahots goxoz jo zituen bizpahiru kantu, Kirmen Uriberen letrekin osatutakoa horietako bat.

Gaua bertsioekin jarraitzeko edo, Anarik Bob Dylanen "Girl from the nort country” edo  “Iparraldeko neska” kantuaren bertsio moduko bat egin zuen eta Jon Basagurenek Ruper Ordorikaren "Ene Begiek" bertsionatzeko hautua egin zuen.

Berzaitz, Petti, Pinatxo, Urdangarin eta Albokak "bis" bat egin ondoren, denek batera  Pierre Paul Berzaizen “Baratze Bat” abestu zuten 200 entzuleekin batera.

Artista guztiek eskertu zieten ikusleei gerturatu izana eta Manuel Lekuonak txalo-zaparrada luzea eskaini zien musikariei. Batzuek eta besteek lortu zuten emanaldiak aurrez zuen helburua, Argiaren aldeko mezua lau haizetara zabaltzea.

Aldizkaria sustatu nahi duenak gaur du aukera Usurbilen egun osoko egitarauarekin antolatu duten Argia Egunean parte-hartuz.

Kantaldiaren argazki-galeria: http://txintxarri.info/galeria/638/