El Torrejon eta Aduniaren emanaldiak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 28a

Uztailaren 19 eta 20an Erketz Dantza Taldekoei egokitu zitzaien Burgoserainoko bidaia egitea. Asteburu honetan aldiz, Adrada de Haza herriko dantzariei tokatu zaie Lasarte-Oria bisitatzea. Erketz eta El Torrejon dantza taldeek emanaldi koloretsua eskaini zuten Manuel Lekuonako areto-nagusian, ordubete pasatxoko ikuskizunean. Ordu berean, Basaundin, Adunia taldeak auzoko bazterrak girotu zituen rock doinuak eta doinu zeltiarrak nahastuta.

Erketz dantza taldeak proposatuta, antzerki eta dantza programazioaren barneko emanaldia eskaini zuen Burgoseko "El Torrejon folklore taldeak larunbat iluntzean Manuel Lekuonan.

Errenterian hartu zuten ostatu asteburuan eta larunbat eguerdian, herrira etorrita, marmitako bazkaria egin zuten Arriskalleta elkartean arratsaldeko saioaren aurretik. 
Emanaldia bera ikusgarria izan zen, Adrada de Haza herritik gurera etorritako 57 neska-mutilek Gaztelako dantza tipikoak oholtzaratu zituzten jantzi koloretsuak soinean zeramatzatela.
Bi bloketan banatutako ikuskizuna izan zen. Lehenengo ordu erdian El Torrejonek egin zuen dantzan, baina atseden hartzeko 10 minutu baliatuz, Erketz Dantza Taldeak "Gasteizko zortzikoa" eskaini zuen Manuel Lekuonako areto nagusian.
Emanaldi osteko afaria Semblante Andaluz elkartean egin zuten eta igandean Burgoseko lagunei Donostia hiria erakusteko aprobetxatu zuten Erketz taldeko dantzari eta musikariek. Bidaia honetan, musika, dantza eta turismoa batera egiteko aukera izan zuten.

Adunia Basaundin
Kultur Kale Zikloarekin amaitzeko berriz, Adunia taldeak kontzertua eskaini zuen Basaundi auzoan. Doinu zeltiarrak rock-arekin nahastu zituzten eta giro polita jarri zuten larunbat arratsalde eguzkitsuan. Bibolina, baxua, gitarra, txirula, bateria eta gaiten laguntzaz, dantzan jarri zituzten auzoko bizilagun txikitxoenak.
Emanaldi honekin amaitu da honezkero Kultur Kale Zikloaren zirkuitua, hainbat estilotako musikak eta leku ezberdinetako jendeak bisitatu du Lasarte-Oria hilabete hauetan.