Ane Albisu: “Festarako jantzia sortu zenetik ari da aldatzen”

maider-azurmendi 2014ko ira. 26a, 12:15
Ane Albisuk hitzaldia eskaini zuen bart Manuel Lekuonan euskal jantzi tradizionalaren inguruan. Urteak daramatza Albisuk Atondu egitasmoaren baitan ikerketa lanak egiten. Bere hitzetan gure jantzi eta janzkera tradizionalaren inguruan oso informazio gutxi izateaz gain, izugarrizko anabasa eta nahastea dago. Urriaren 18an herrian ospatuko den Euskal Jaiari begira, herritarrei proposamena luzatu zien "burutik janzten hasteko, askoz gehiago identifikatzen garelako txapela edo zapiarekin".

Ane Albisu donostiarrak hitzaldia eskaini zuen bart Manuel Lekuona kultur-etxean. Albisu ikerketa sakona egiten ari da euskal jantzi tradizionalaren inguruan. 

2006an Atondu liburua argitaratu zuen. Euskal jantzi tradizionalei buruzko lana  da, nahiz eta jantziari baino garrantzi handiagoa eman dion janzteari, prestatzeari edo atontzeari. Zer, nola eta zertarako janzten ditugun tradizioz jaso eta euskal jantzi bihurtu ditugun baserritar jantzia edota poxpolin jantzia, besteak beste.

Herrian urriaren 18an izango da Euskal Jaia. Egun horretan janzteko hainbat gomendio ere eman ditu Albisuk.

“Festarako jantziak azken 100 urteotan, janzteko moduaren garrantzia” izan da hitzaldiaren izena. Jantziari baino janzteko moduari erreparatu behar diogu?
Nire ustez gure jantzi eta janzkera tradizionalaren inguruan oso informazio gutxi izateaz gain, izugarrizko anabasa eta nahastea dago. Kultura tradizionalaren beste zenbait arlotan, ikertuagoak eta gizarteratuagoak daudenez, are gehiago, tradizioaren soka hautsi ez denez, nolabaiteko sena badugu. 

Jantzi tradizionalari dagokionean, XX. mende hasieran hiri giroan, zeharo modaren menpe, festa eta dantzarako sorturiko jantzi eta janzkerak  izan dira gehienon ia erreferente bakar. Honek ekarri zuen tradiziozkoak pixkanaka galdu edota bazterturik gera-tzea eta gureak ziren jite, tankera eta berezitasunak besteenekin berdintzea. 

Gu XXI. mendean gaude eta proposamen bat egiteko gaur egun baliagarri gertatuko zaizkigun jantziak behar ditugu. Jantziak gaur egun modaren uhinean daudenez, gure ustez, nahiz eta jantziak egiteko modu zehatzak ere proposatu, giltza jantziak “gure eran” janztean legoke, era hori berreskuratzean, alegia. Eta hori da, hain zuzen ere, 60ko hamarkadatik J.A. Urbeltzek hasitako ikerketekin jarraitu eta Atondu ekimenaren lehenengo proposamena. Baina ez da bakarra, jakina. 

Festarako janztearen errituala galdu al da?
Nik esango nuke, festarako jantziaren rola dela aldatu dena. Desberdin janzteko hautua egiten dugun momentutik nolabaiteko erritualerako prestatzen gara. Argi dago festarako janzten garela, ez dela, kasurik gehienetan behintzat, mozorro bat eta bere papera betetzen duela. Kontua da zein den betetzen duen papera. Nik ez dut horretan genero konturik ikusten.

Neskek buruan zapia jartzea galtzen ari garen ohitura horietako bat da? 
Neskek baserritar jantzian buruan zapia jartzeko ohitura 60ko hamarkadan hasi zen galtzen. Janzkera tradizionalean, ordea, galdu zen azken elementua izan zen eta gaur egun arte iraun du. Hori honela gertatzen da janzkera tradizional gehienetan, ez bada guztietan. Baina, lehen esan bezala, tradizional deituriko jantzi hau, baserritar jantzia, modaren eskutik doanez, hori litzateke ondoriotako bat, ez hemen soilik. Zapiaren janzteko moduari dagokionez, badira modu desberdinak, baina orokorrean ezaugarri bertsuak dauzkate. 

Zapiaz hitz egiterakoan, zuria zen erabiliena? 
Zapi zuria denek zutena zen, baina egoeraren arabera bestelakoak ere erabiltzen ziren. Atonduk zuria proposatzen du, alde batetik, zuria ohikoa zelako eta bestetik errazagoa delako zapi egokiarekin “asmatzen”.

Badirudi azken urteetan jantzi koloretsu eta dotoreak “modan” jarri direla. Euskal Jantzi tradizionala zaintzen ala berrasmatzen ari gara? 
Festarako jantzia, baserritar jantzia oro har, sortu zenetik aldatzen ari da. Hala ere, gaur egungo jantzi koloretsu horien fenomenoa orain dela hogei bat urte hasi zen, hain zuzen ere, guk Atondu proiektua kaleratu eta gero. 

Gure proposamenetako bat, ez bakarra, izan zen egoera batzuetarako XIX. mende amaierako baserritarren janzkeran oinarrituriko jantziak egin eta Atontzea (behar bezala preparatu eta janztea). Ikaragarrizko arrakasta izan zuen eta batez ere hainbat denda, fabrika  eta jostunek ikusi zuten salgarriak zirela eta hor bazegoela negozioa. Eta handik aurrera oso irizpide desberdinetan oinarrituriko jantziak hasi ziren azaltzen “tradiziozko” edota “euskal” jantziaren izendapenean. Batez ere emakumezkoen jantzietan gertatu zen.

Urriaren 18an herrian ospatuko den Euskal Jairako, zer esango zenieke herritarrei egun horretan, janzteko garaian praktikan jar dezaten?
Burutik janzten hasteko. Askoz gehiago identifikatzen garelako txapela edo zapiarekin.

Askotan ikusi ohi ditut, udan batez ere, neska asko gona luze batekin, tiradun niki batekin eta oinetan deportibekin. Gehienentzat gona da “janzten” dutena ospatzeko eta gona hori askotan (josi duenaren irudimen eta sormenaren arabera) beretzat da soilik berezi, besteok ez diogu “tradiziozko” ezer ikusten. Buruan zapia, gure era berezian jantzita eramaten badugu edozeinek identifikatzen du. Hori ere moda kontua da. 

Atondukook abarkez gain espartin zuriak proposatu genituenean batek baino gehiagok eraman zituen eskuak burura. Ikusi orain...denok espartin zuriak. Zapiarekin ere berdin gerta liteke...batek daki.