Gosaltzen ari naizela, kafesneari eragiten, hara non konturatu naizen, kafesnetan bueltaka dabiltzala hitz hauek: Autonomia, independentzia, burujabetasuna, lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea, genero arteko berdintasuna, askatasuna, Identitatea,eredu ekonomikoa, ideologia politikoa, justizia soziala.
Gaztetxo nintzala autonomia ala independentzia erabaki genuen, tartean, gure lur eremua zein zen erabaki behar izan genuen. “zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?” Nafarroa eta Iparraldea hurrengorako utziz. Demokrazian, Herria da subiranoa. Herriak hartzen ditu erabakiak. Burujabetasuna behar dugu beraz, erabakiak hartzeko.
Hizkuntzak identitatea sortzen du. ”Euskarak egiten gaitu euskaldun” fede hartuta, hasi ginen jo ta su. Identitatea sortu behar da. Gerora sortu zen motibazio instrumentala eta konturatu ginen gure dogma hura ez zela beti betetzen, hizkuntzak ez du beti identitatea sor-tzen. Egun hauetan konturatu naiz independentziaren aldeko motibazio instrumentala ere existitzen dela. Ekonomikoki nola geratuko ginateke banandu ezkero? Dibortzioaren figura ibili da bueltaka. Elkarrekin egoteko maitasunak kale egin duenean ”elkarrekin ezin bizi”.
Espainian ez zen dibortzio legerik 1981a arte. Tradizionalki emakumeen-tzat zer zekarren dibortzioak? Asko eta askorentzat erabakia hartu ezina. Independentzia ekonomikorik ez eta “sekula sekulorum” senarraren menpe mantendu behar. Zenbaitek bizi mailari eutsi nahi, eta aguanta bertan. Beste zenbaitek ordea, dibortzioa eta gero bizi maila jaitsi arren, beraien burua estimatu, eta askatasuna eta zoriontasuna aurkitu du. Pobreago baina zoriontsu.
Herrien arteko dibortzioan, banatuta aberatsago izan nahi dugu. Motibazio instrumentala. Gure herriarekiko maitasunak kale egin du? Nahiko identitaterik ez dugu sortu? Ideologia politikoa, justizia soziala ahulegi?
Espainian oraindik erabakitze eskubiderik ez dago. Erabaki hauek zenbat dute identitatetik? Komenientziatik? ideologia politikotik? Sozialetik? Zenbat Eskozian? Katalunian? eta Euskal Herrian? Beste zenbat urtetan gure gosaritako kafesnetan, hortxe jira eta buelta?