Askapen mugimenduez

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 26a

EHBilduk “Europako askapen mugimenduak ezkerretik” mahai ingurua egingo du Manuel Lekuonan asteartean. Honetan parte hartuko dute Pat Rice Irlandako Sinn-Fein alderdiko mahai nazionaleko kide ohiak, Pernando Barrena EH Bildu-ko kideak eta Kataluniako CUPeko ordezkari batek. Moderatzaile lanetan ariko da Independentistak sareko Unai Apaolaza. Mahai ingurua irekia izango da eta herritarrak honetan parte hartzera animatzen dituzte ekimenaren sustatzaileek.

Europako askapen mugimenduak ezkerretik” mahai ingurua egingo da datorren asteartean Manuel Lekuonan EHBilduk antolatuta. 

EHBildutik aipatu dutenez, “Europa mendebaldeko mapa, urte askotan finkoa izan dena, batzuen ustez mugiezina, aldaketen atarian da”. Eskozian izan berri den erreferendum-a eta Kataluniako kontsultaren inguruko mugimenduek “lurrikara eragin dute” hauen ustetan. “Europako herrien askapen mugimenduek aldaketa ugari sortu dituzte epe laburrean: prozesuen demokratizazioa bultzatuz, gainontzeko herrialdeen aitortza lortuz edo eta herritarren eskaera masiboen bidez”.

Ipar Irlandako prozesuak azken urteetan hainbat irakaspen utzi dituela pentsatuta eta oraindik ere, Euskal Herriarentzat lagungarri izan daitezkeen molde berriak ezagutzeko, antolatu da besteak beste, mahai inguru hau herrian. 

EH Bildutik, “askapen mugimendu hauek ezkerreko ikuspegitik ezagutzea proposatzen dugu, Herrien askapena ezinbestean askapen sozialarekin uztarturik doala ulertzen baitugu”. 
Mahai inguruan Pat Rice Irlandako Sinn-Fein alderdiko mahai nazionaleko kide ohia izango da, EHBilduko kide eta Sortuko bozeramailea den Pernando Barrena eta Kataluniako CUPeko ordezkari bat ere izango da. 

Hauekin batera, Unai Apaolaza Independentistak sareko kidea arituko da moderatzaile lanetan. Asteartean 19:00etan hasiko da mahai ingurua eta honetara gerturatzea animatzen dituzte herritarrak.