Zatarain urbanizatzeko pausoa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 25a

2005ean eman ziren lehen urratsak Zatarain bezala izendatutako Oztaran gaineko lurretan hainbat etxebizitza eraikitzeko. Gaur eman dute beste bat; hitzarmen urbanistikoa sinatu dute Lasarte-Oriako Udalak eta Kontzertazio Batzarrak. Lur zoruari eta hirigintzari dagokion 2/2006 legean oinarritutako peritu-balorazio batek dio 443.915 euro jaso behar dituela udalak; ordainketa bost epetan egingo da.

Zataraingo eraikigarritasun urbanistikoaren %15 jasoko du Lasarte-Oriako Udalak. Hitzarmen urbanistikoa sinatu du gaur goizean Kontzertazio Batzarrarekin, puntu hori onartuz.

Lur zoruari eta hirigintzari dagokion 2/2006 legean oinarrituta egin zuen perituak balorazioa. Horren arabera, Udalak 443.915 euro jasoko ditu guztira. Diru kopuru horren ordainketa zatikatua izango da eta bost epetan burutuko da.

Lehen urratsak

Zatarain bezala izendatutako Oztaran gaineko lurretan hainbat motatako etxebizitzak eraikitzeko lehen urratsak eman ziren 2005ean. Lasarte-Oriako Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bateratua onartu baitzen orduan.

2011. urtean baina, zenbait aldaketa egin ziren eraiki beharreko tipologietan. Hasiera batean etxebizitza familiabakar adosatuak eta familiabakar isolatuak ziren eraikitzekoak, baina garapen apaleko eraikuntza komunak egitea adostu dute azkenean.

Iazko ekainean geratu zen erabat definituta Zatarain zonaldeko ordenazioa: Birpartzelatzeko Proiektua izeneko dokumentu bat onartu zen, Oztaran gaineko lurren ordenazioa behin betiko zehazten zuena.

Ordainketa zatikatua

Gaur goizean eman dute beste urrats bat Lasarte-Oriako Udalak eta Kontzertazio Batzarrak. Hitzarmen urbanistiko bat sinatu dute.

Akordio horretan adostu dute 443.915 euro jaso behar dituela Udalak. Beste hitz batzuetan esanda, Zarataingo lurren eraikigarritasun urbanistikoaren %15. Balorazio hori lur zoruari eta hirigintzari dagokion 2/2006 legean oinarrituta egindako peritu-balorazioaren arabera zehaztu da.

Lasarte-Oriako Udalak ez du diru guztia aldi batean jasoko, zenbait epetan baizik. Zehatzago esanda, bost zatitan banatuta jasoko ditu hitzarmenean adostutako 443.915 euroak.

Lehenengo epean diru kopuru osoaren erdia jasoko du: 221.957,51 euro guztira. Kantitate hori eskuratuko du Birpartzelatzeko Proiektuaren behin betiko onespena GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta azaltzen denetik hamabost egunen barruan.

Ordainketaren hurrengo hiru faseak elkarlotuta doaz. A-36 Zatarain hirigintzako interbentzio-eremuko obrak aurrera eramateko hiru lizentzia munizipal eskatu behar dira. Lehen lizentzia munizipala eskatu eta hamabost egunetara 66.587,25 euro jasoko ditu Udalak. Hau da, kopuru totalaren %15.

Bigarren obra lizentzia munizipala eskatu eta gero beste 66.587,25 euro ingresatuko ditu Udalak. Hirugarren eta azken lizentzia eskatu eta beste hamabost egunetara, diru kopuru osoaren beste %15 jasoko du Udalak. Hiru lizentzia horiek eskatu eta beharrezko denbora igaro-tzean, beraz, 443.915 euro horien %95 egongo dira Udalaren eskuetan.

Lehen esan bezala, diruaren ordainketa bost zatitan banatuko da, gaur goizean sinatutako hitzarmen urbanistikoan jasotzen denez. Bosgarren eta azken ordainketa epe horretan diru kopuru totalera iristeko geratzen diren 22.195,76 euroak jasoko ditu Lasarte-Oriako Udalak. Kantitate hori ingresatu eta 443.915 euroak eskuratzeko, Zatarain hirigintzako interbentzio-eremuko lehenbiziko okupazioko lizentzia eskatu eta hamabost egun pasatu arte itxaron beharko du.