Solaskiden izena emateko epea zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ira. 24a, 13:25
Goizean Donostian aurkeztu dute Euskal Herri mailako solaskide kanpaina. Guztira aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago aritu ziren egitasmo honetan. Lasarte-Orian Ttakunek kudeatzen du eta dagoeneko honetan izena eman daiteke.

Donostian izan da solaskide egitasmoan izen emate kanpainaren aurkezpena. Honetan Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Maitane Arizabaleta Bergarako Jardun elkarteko kideak, eta Kristina Kerthoff eta Bego Urzelai Bergarako berbalagunek hartu dute parte.

Aurtengo izen emate kanpainak, hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi du. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak aipatu duenez, “euskaraz hobeto eta gehiago aritzeko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, ez da magiarik behar, guk daukagu trukoa: aritzea”.

Horretarako, mintzalagun taldeen eraginkortasuna nabarmendu du Mendizabalek.

Agerraldian azpimarratu dute, aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu direla Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean 6.000 mintzalagun lortzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak. Lasarte-Orian esaterako, iaz 100 lagun inguru izan ziren.

Jardun euskaltzaleen elkarteko Maitane Arizabaletak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”.

Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Guztira, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi du deialdiak.

Lasarte-Orian egitasmoan izena emateko epea zabaltzen da eta honetan parte hartu nahi duten herritarrek gaurtik Ttakuneko bulegotik pasa daitezke izena eman edota informazio gehiago eskuratzeko.