Estitxu Eizagirre: “Herriarekin harremana abiatzeko modu polita da kantaldia”

maider-azurmendi 2014ko ira. 23a, 12:01

ARGIA eguna plaza polita izango da Estitxu Eizagirre, aldizkariaren zuzendariaren ustetan, euskaldunek proiektu komunikatiboa gertutik ezagutu dezaten. Jaia Usurbilen egin arren, egoitza nagusia Lasarte-Orian du ARGIAk. Horregatik ostiralean kantaldia antolatu dute Manuel Lekuonan, Mikel Urdangarin, Anari, Pier Paul Berzaitz, Petti, Estitxu Pinatxo, Alboka Abesbatza, Bide Ertzean eta Jon Basagurenen arituko dira 22:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude Jalgi, Manuel Lekuonan eta ARGIAn bertan 15eurotan. ARGIAtik euskaltzaleak animatzen dituzte kantaldian zein Usurbilen larunbatean egun osoan izango den jai egun honetan parte hartzera.

Ostiralean, ARGIA egunaren bezperan, herriko Manuel Lekuonan kontzertu handia egingo da komunikazio proiektuaren alde. Honen inguruan eta ARGIA egunaz mintzatu gara Estitxu Eizagirre aldizkariko zuzendariarekin. 

Euskal Herri mailako hedabideak herrian du egoi-tza nagusia eta Lasarte-Orian gehiago errotu nahi du. Helburu hori lortzeko bat egin du udalak herriko merkataritza bultzatzeko duen “Tratu On Bat markarekin”. 

Zergatik berreskuratu duzue ARGIA eguna?
ARGIAren inguruko jendea aurrez aurre ezagutzeko, harremanak estutzeko batetik, eta euskaldun gehiagori ARGIA ezagutarazteko, bestetik.  ARGIA oso jende ezberdinek elikatzen dute: harpidedunek, irakurleek, langileek, kolaboratzaileek, publizitatea jartzen duten enpresek, sare sozialetako jarraitzaileek, gizarte mugimenduek, erakundeek... horiekin biltzea funtsezkoa da, komunikazio proiektu baten oinarria juxtu bere inguruko komunitate hori baita.

Bestetik, Euskal Herri osoan euskaldun asko dago ARGIA ezagutzen ez duena: astekaria aspaldi luzean eskuan izan ez duena, webgunean sartu ez dena, lan egiteko moduaz edo bul-tzatzen dituen balioez informaziorik jaso ez duena, euskarazko hedabideen historian egin dituen ekarpenak ezagutzen ez dituena... ARGIA Eguna plaza polita izango da euskaldunek proiektua ezagutu dezaten.

Zein da ARGIAren egoera? Euskarazko hedabideen etorkizuna nola ikusten duzu?
Hainbeste urteko ibilian eta euskararen bilakaerari esker, gero eta kazetari espezializatu gehiago dago gero eta gai eremu zabalagoetan, eta hori nabaritu egiten da artikulu kopuruan eta kalitatean. Langile taldea, berriz, egonkortua dugu eta hamaika proiektu, amets, ilusio ditugu. Esan liteke momentu honetan horiek denak egiteko denbora dela gure gabezia nagusia (edo denbora hori erosteko sosen eskasia, baina tira, hori ez da atzo goizekoa...).

Euskarazko hedabideen etorkizuna ikusiko dugula, hori da balio duena. Eta nolakoa? bada, gu guztion ekintzen araberakoa izango da: euskaldunek zer irakurri eta zer babesten duten, kazetariak zer egitera iristen diren, erakundeek zeren aldeko apustua egiten duten... horren araberakoa izango da. 

Iragarri duzuenez, aldaketak izango ditu aldizkariak. 
Astekarian aldaketak lantzen ari gara, edukizkoak, bi norabidetan: batetik, paperean argitaratzen duguna eta interneten egiten dugun lana elkarren osagarri izateko. Bi medioen artean dagoen bereizketa eta aldi berean dagoen lotura hori komunikabide guztiontzat da esperimentazio leku, eta horretan ari gara. Horrela azaldu daiteke astekarian lortu nahiko genukeena: “Astekaria izan dadila ARGIAk aste horretan duen eduki onenen bilduma”. Hori nola egiten den? Lantzen ari gara.

Bestetik, kazetariok nor bere gaietan espezializatu eta buru-belarri horietan aritzea dugu bigarren helburua. Kazetariak gai horiek egunero landu ditzala webgunean, maiz astekarian, tarteka Larrun hilabetekarian... gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiei lorratza ahalik gertuen jarraitzea dugu helburu.

Irakurleekin harreman zuzena bilatzen duzue jaiarekin, zein uste duzu izango dela erantzuna? 
20 urteren osteko lehen Argia Eguna izango denez, erabateko sorpresa da guretzat elkartu daitekeen jende kopurua. Zenbakien lehiari (eta bertigoei) ihes egiteko, emaitza kualitatiboan jarri dugu begia: 100 izan edo 1.000 izan, izugarri gozatuko dugu, ilusioa eta harremanak elikatuko ditu, eta beraz, mereziko du. Ziur.

Zer esango zenieke euskaltzaleei prestatutako ekintzetan parte hartzeko?
Euskaltzaleei hauxe esango nieke, gonbidapena luzatzeaz eta euskarazko hedabide honentzat herritar bakoitzaren parte hartzea altxor handia dela nabarmentzeaz batera: ziur gaudela egun horrek arrastoren bat utziko duela beregan. Agian zaletasun berak dituen Euskal Herriko edozein txokotako pertsonak ezagutuko dituela, agian gaurkotasunezko gairen bati buruzko ideia edo pentsamendutxoren bat ekarriko duela, agian bertso sortaren bat patrikan, agian festak egiteko moduari buruzko adibideren bat, agian mokadu goxoren bat ahosabaian, agian euskarazko produktu bereziren bat besapean, agian halako kazetari edo aditurekin izandako elkarrizketatxoa, agian norberaren iritzia eman izanaren asebete-tzea, agian... eta umore ederra, seguru. 

Gogoan geratuko zaion eguna izango da.  Eta zer arraio, euskaltzaleok horrelako festa egunak merezi ditugu!

ARGIAren egoitza nagusia Lasarte-Orian dago. Zein da herriarekin harremana? 
Lasarte-Oriako udalarekin “Tratu on bat” hitzarmena sinatu berri dugu, eta gure egoitza nagusia bertan dagoenez, herrian gehiago errotu nahi dugu. Lasarteoriatarrek sentitu dezatela herrian bertako hedabide bat izateaz batera, Euskal Herri osora zabaltzen den beste bat ere badutela. Eta alderantziz, Euskal Herrian Lasarte-Oria herria euskarazko kazetaritzarekin lotu dadila. 

Lasarte-Oria-ARGIA harremana abiatzeko modu polita iruditu zaigu ARGIA Egunaren bezperan kantaldia herrian antolatzea. 

Euskal kantagintzaren zaleentzat gozamena izango dela desio dugu. Kartelaren aniztasunak, aberastasunak deitzen du arreta lehen kolpetik: musika estilo oso bariatuko artistak dira, Euskal Herriko bost lurraldetakoak, elkarrekiko adin tarte zabala dutenak... ea bertan elkar ikusten dugun!