Sasoeta Sasoitu! egitasmoa ezagutu dute auzotarrek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 22a

Gaur izan dute Sasoetako auzotarrek proiektuaren berri, Gaztelekuan, 18:00etan hasi den bileran. Sasoetako zenbait pasabide eraitsiko dira espazio publikoak sortzeko. Parte-hartze prozesua egiten ari dira orain, erabakitzeko nola diseinatuak izango diren espazio horiek.

Garrantzitsua zen gaurko bilera eta nabaritu da, Sasoetako berrogei bat auzotar hurbildu baitira Gaztelekura arratsaldeko 18:00etan. Udaleko ordezkari, udal arkitekto eta Hiridunak talde teknikoaren eskutik jaso dituzte entzuleek Sasoeta Sasoitu! egitasmoaren xehetasunak.

Jose Manuel Elizegi udal arkitektoak zehaztu duenez, baldintzen pliegoak pasa dira jada Hirigintza batzordetik. Onartzen direnean, lizitaziora aterako dira auzoko obrak, enpresak aurkeztu daitezen. Behin erabakitzen denean zein enpresak burutuko dituen obrak, Sasoetako zenbait pasabide eta etxabe eraisten hasiko dira. 

Tailerra bihar

Hurrengo zita biharkoa izango da; proiektuaren bigarren fasea jarriko dute martxan, herri-eskalako diagnostiko bat egitearena. Horretarako, bi tailer antolatu dituzte, bihar eta irailaren 30ean, 18:00etan. Biharko saioan herriko hainbat elkarte eta eragilerekin bilduko dira, denen artean ikusteko zeintzuk diren Lasarte-Oriako espazioen arazo eta gabeziak. Datorren astekoan berriz, bihar planteatzen diren arazo horiek konpontzeko proposamenak eta konponbideak planteatuko dituzte.

Auzotarrak ere gonbidatuta daude tailer horietara, baina hirugarren fasetik aurrera zentratuko dira auzoan. Urriaren 21ean eta 28an egingo dituzte beste bi tailer, auzo-eskalako diagnostikoa egiteko.