Lasarte-Oria biziberritzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ira. 22a, 13:49

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea indartzeko egitasmo bat jarri du martxan Udalak: 'Lasarte-Oria Biziberritzen'. Horma desitxuratuetan esku hartuz eta krisiaren eraginez hutsik dauden lokalak betez, besteak beste, herriko hirugarren sektorea indartu nahi du Udalak. Hori lantzeko, bost hilabeterako hiru lanpostu eskainiko ditu.

"Askotan esan dugun moduan, Lasarte-Oria zerbitzuen herri bat da. Horregatik, gure ekonomiaren zati handi bat hirugarren sektorean sostengatzen da”. Diagnostiko hori egiten du Udalak herriko ekonomiari buruz. Uste du “garrantzitsua” dela sektorea indartzea eta, horregatik, 'Lasarte-Oria Biziberritzen' izeneko egitasmoa jarri du martxan.

Proiektuaren xedea honakoa da: Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea indartzea, etorkizuneko udalerri biziago baten osaketan oinarrituta. 

Herriko ekonomia suspertzearen lana ez da soilik saltzaile edo ekoizleen lana, Udalaren iritziz. "Estrategia orokorrago baten moduan ulertu behar dugu; horregatik, proiektu herritar bat bultzatzea da helburua, non guztien parte-hartzea ezinbestekoa izango den". 

Hiru adar

Udalak abian jarri duen proiektuak hiru adar nagusi izango ditu. Batetik, Lasarte-Oriatik kanpora proiektatzeko irudi “on eta erakargarri" bat landuko du. Horretarako, 'Tratu on bat' marka eta filosofia zabaltzen jarraitzeko asmoa daukate.

Bigarrenik, herriko kaleen egoera hobetuko du Udalak. Bi neurri hartuko ditu horretarako: kaleko horma desitxuratuetan esku hartuko du, eta krisiaren ondorioz hutsik geratu diren lokalak betetzeko apustua egingo du.

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen formakuntza izango da hirugarren eta azken adarra. Hori ahalbidetzeko, marketina eta garai digitaleko tresna berriak prestatuko dituzte.

Lanpostuak sortu

Lehen aipatutako hiru adar horiek lantzeko, lau lanpostu sortuko ditu Udalak arlo sozioekonomikoan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen bidez. Lan horien iraupena bost hilabetekoa izango da.

Lanpostuen perfilak honakoak dira: Zuzenbidean lizentziatua, Arte Ederretan edo Arkitekturan lizentziatua eta enpresa nahiz komertzio eremuekin erlazionatuta dauden ikasketak edukitzea (bi lanpostu azken honetan). Lan artistikoa, marketin lana eta lokal hutsak betetzea izango dira egin beharreko zereginak.