Maskoten eguna Atsobakarren

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ira. 21a, 20:05
Bigarren urtez jarraian, Atsobakarreko belazeak herritarren maskoten topaleku bilakatu dira. Goizean goizetik hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte, egitarau oparoa izan dute Lasarte-Orian. Gehienbat txakurrak gerturatu dituzte jabeek, baina ikusi da katu edo untxirik ere Urbarten. Jende asko bildu da animaliak ikustera eta eguraldi eguzkitsua lagun, goiz-pasa ederra egin dute herritarrek maskota kuttunaren alboan.

Goizean goiz, Udaletxe atarian biltzeko hitzordua zeukaten jarrita maskoten jabeek eta desfile moduko batean Atsobakar auzorainoko bidea egin dute. Behin parkera iritsita, festak jarraitu egin du. Hasteko, Mikel Pino txakur hezitzailearen Ada txakurrak eta Txakurtzen elkarteak ikuskizuna eman dute bertan bildu diren dozenaka lagunen gozamenerako. 

Lehiaketa nagusia
Erakustaldi horien ostean etorri da eguneko momentu gorena. Maskoten jabeek ilara egin dute euren animalia herritarrei erakusteko. Parkean prestatutako belazean itzuli moduko bat eman dute txakur ar ederrena, txakur eme ederrena, txakur mestizo jatorrena eta txakur txikiena zein ziren aukeratzeko.
Bestalde, kontzientziazio kanpainak ere egin dituzte txakur elkarte eta jabeek, batez ere abandonatutako animalia batzuek duten adopzioaren premia zabalduz. 
Auzoko tabernetan gainera pintxo-potea egin dute eta herritarrek primerako aukera izan dute egiten zuen bero handiari tragotxo batekin aurre egiteko. Finean, egun polita igaro dute maskoten jabeek.