Bizikleta festa Okendon Mugikortasun Astea amaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 19a

Bukatu da Lasarte-Oriako Mugikortasun Astea. Okendo plaza bizikletaz bete da gaur arratsaldean, batetik bigarren eskuko txirrinda azoka egin delako eta bestetik haurren bizikleta festa ospatu delako.

Eguraldi ona lagun zutela, kolore biziz jantzi dute herriko plaza dozenaka haurrek. Zonalde bat bigarren eskuko bizikleten salerosketarako gorde dute eta eguna amaitzerako bizikleten erdia baino gehiago saldu dituzte. 
Azokaren helburua mugikortasuna sustatu eta etxean traba egiten ari ziren bizikletak ganbaratik atera eta prezio ekonomiko batean beste herritarren batek aprobetxatzea zen, baita lortu ere. 

Gaztetxoentzat festa
Guraso asko bigarren eskuko txirrindak begiratzen ari zirela, adin ezberdinetako haurrek ibilbide labur zein luzeak osatu zituzten herriko zirkuituetan barrena.

Okendo plazan bertan, ginkana moduko bat ere egin dute, baloi, uztai eta arranpla ezberdinak oztopo zituztela.
Gaztetxoek primeran pasatu dute bizikletekin aurrera eta atzera joan-etorriak eginez, hori bai, guzti-guztiak buruan kaskoa jantzita ikusi ditugu.
Artelatz eta Eskola Kirolak elkarlanean prestatutako ekintzetan, herriko gazteak aritu dira begirale lanetan eta uneoro gaztetxoen segurtasuna zaintzen aritu dira.
Hortaz, gaurko ekintzekin amaitutzat eman dute hiru eguneko Mugikortasun Astea, datorren urtera arte.

Mugikortasun Asteko galeria: http://txintxarri.info/galeria/636/