"Ilusio berezia piztu dit herriko taldean jokatzeko aukerak"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2014ko irailaren 19a

Lehenengo eta Bigarren mailako zelai garrantzitsuenetan jokatzetik, Michelinen aritzera. Bere herriko taldean, Ostadar SKTn ospatuko ditu golak aurten Gorka Brit aurrelariak.

Javier Aguirreren eskutik egin zuen debuta Lehen Mailan, Osasunarekin, 2002ko abenduaren 15ean. 13 partida jokatu zituen denboraldi horretan lehen taldearekin, eta gol bat sartu. Orduz geroztik, beste 35 (lau Osasunan eta 31 Numantzian, hiru gol sartuz). Bigarren mailan ere makina bat partidu jokatu eta gol sartu ditu. Bigarren B (Real Union) eta Hirugarren mailan (Beasain) pasa ditu azken urteak. Ohorezko Erregionalen maila ezagutuko du aurten.

Herriko taldean jokatuko duzu aurten. Zer dela eta?

Hasiera batean Beasainen jarraitzeko asmoa nuen, Ostadarrek herrian jokatzea proposatu zidan arte. Aukera horri bueltak ematen hasi nintzen, familiarekin ere hitz egin nuen, eta hemen nago. Ilusio berezia piztu dit herriko taldean jokatzeko aukerak.

Zer moduz ikusten duzu taldea?

Ongi, oso gogotsu. Jokalari gazte asko etorri dira aurten, oso indartsu datoz jokalari belaunaldi berriak. Gainera, esperientzia askoko jendea ere badaukagu. Guztiok norabide berean lan egiten badugu eta gogor entrenatzen jarraitzen badugu, denboraldi polita egin dezakegula uste dut.

Zeintzuk dira zure helburuak aurtengo denboraldirako?

Futbolaz gozatzen eta ikasten jarraitzea, inoiz ez baitiozu uzten gauza berriak ikasteari. Horiek dira nire erronka nagusiak. Espero dut denboraldi bukaeran taldekide guztiak aldagelan eseri eta komentatuko dugula zenbat gozatu dugun aurtengo denboraldiaz.  

Aurrelariek askotan erantzun behar izaten duten galdera bat orain... Zenbat gol sartuko dituzu aurten?

Inoiz ez dut kopuru zehatzik esaten. Gauza bakarra esango dut: gustura sentitu naizenean eman dut nire onena, orduan sartu ditut gol gehien. Eta Ostadarren oso gustura nagoenez, ziur golak iritsiko direla. Nire taldekideen laguntzarekin sartuko ditut golak, eta nire golekin taldea lagunduko dut.

Hala ere, esan behar dut badaukadala presio apur bat gai horrekin...nik sartu ditzakedan gol kopuruarekin apusturen bat edo besteren berri izan dut. Espero dut denboraldi bukaeran apustuen egileek irabaztea! (Barre egiten du).

Zer aholku emango zenieke jubenilen taldetik aurten igo diren jokalari gazteei?

Beti atera behar direla gauza positiboak denboraldian zehar gertatzen diren gauza guztietatik. Momentu zailak ere bizituko ditugu aurten, baina hortik ere ikasten da. Pazientziaz hartu behar ditugu gauzak, eta taldearengan pentsatu. Jokalari guztiak izango dira garrantzitsuak: asko jokatzen dutenak, ordezkoen aulkian daudenak eta lesioren bat daukatenak.

Erregionalen taldean jokatzeaz gain, alebinak ere entrenatuko dituzu.

Hala da bai. Lehen eta bigarren mailako entrenatzaile tituluak atera ditut, eta praktikak egin behar ditut orain. Eta non hobeto herrian baino? Eskerrak eman nahi dizkiot Ostadarri, eman didan aukeragatik. Praktikak egin ostean, hirugarren mailaren ateratzen saiatuko naiz datorren urtean.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oso polita eta aberasgarria. Kirolene kirol irakaskuntzen eskolan ari naiz entrenatzaile izateko prestatzen. Kurtso bat ireki zuten Realeko jokalari ohientzat, eta nik harrobian jokatu nuenez, bertan ari naiz tituluak ateratzen, taldekide ohi batzuekin batera. Beraiekin klasean egotea, elkarrekin jokatzen genueneko kontuak oroitzea... hori ere polita da.

Futbola beste perspektiba batetik ikusten hasi al zara?

Argi dago jokalariaren eta entrenatzailearen ikuspegiak desberdinak direla. Egia da orain askoz ere arreta gehiagoz begiratzen dudala entrenatzaileen lana, baita nire taldean ere. Jokalari izateaz gain, saiatzen naiz aurtengo entrenatzaileengatik gauzak ikasten: taktika, entrenamendu motak...

Futbol jokalariaren ibilbidea laburra da, eta niri ez zaizkit urte asko geratzen. Futbolaz gozatzen jarraitu nahi dudanez ari naiz entrenatzaile izateko prestatzen. Hala ere, bide luzea dut aurretik; kilometro asko egin behar ditut oraindik. Baina bai, entrenatzaile gisara ikusten dut nire burua etorkizunean.

Entrenatzaile gisa oraindik egin ez dituzun kilometroak, jokalari gisa ibili dituzu...Espero zenuen horren ibilbide oparoa edukitzea?

Realeko harrobian jokatzen nuenean lehen taldeko jokalariak ikusten nituen, eta amesten nuen egunen batean ni hor egotearekin. Ametsak eta errealitatea ez dira gauza bera, baina zorionez, lan eta esfortzu asko egin eta gero lortu nuen gehien gustatzen zaidanetik bizitzea: futbolean jokatzeaz.

Momentu gogorrak pasatu nituen, batez ere lagunekin ezin nuelako nik nahi beste denbora egon. Afariren bat edo antolatzen zutenean, nik askotan ezin nuen joan, egun askotan beraiekin egon beharrean entrenatzera joaten nintzen... Hala ere, orain bizi dudan guztiaz akordatzen naizenean pentsatzen dut egindako ahaleginak merezi izan duela.

Nola gogoratzen duzu debutaren eguna?

Hori da beharbada daukadan oroitzapen kuttunena, niretzat esan nahi zuen guztiagatik. Hainbeste ordu entrenatzen, lagunekin pasa ez nuen denbora guztia...hainbeste esfortzu egitearen fruitua.

Deialdian sartu nintzen lehen aldian eduki nuen jokatzeko aukera. Gogoratzen naiz lasai nengoela, ez nengoen urduri. Kuriosoa izan zen debuta, ez bainuen aurrelari postuan jokatu, eskuin hegalean baizik. Aurrealdean jokalari asko zeuden, baina eskuin hegalean jendea behar zuten, lesionatuta zeudelako hainbat jokalari. Niri eman zidan aukera Javier Aguirrek. 24 urte nituen debutatu nuenean. 1-0 irabazi genuen, Espanyolen aurka.

Soriako Numancian ere jokatu zenituen makina bat partida Lehen Mailan. Zer moduz hango esperientzia?

Hiru urtez aritu nintzen bertan, 2006tik 2009ra arte. Igo aurretik bi denboraldi jokatu nituen Bigarren Mailan Numantziarekin. Oso gustura nengoen bertan eta jarraitzeko asmoa nuen, baina nire semea jaio zen urte horretan. Emazteak eta biok etxetik gertu hazi nahi genuen haurra, ikastolan ikastea nahi genuen... Urte horretan Bigarren mailara igo zen Irungo Real Union, eta hara jokatzera joateko eskaintza egin zidan. Aukera ezin hobea zen guretzat Euskal Herrira bueltatzeko, etxetik are gertuago egoteko, eta aprobetxatu egin genuen.

Futbol kategoria asko ezagutu dituzu. Zeinek harritu zaitu gehien?

Bigarren mailak. Mito ugari daude horri buruz, egia ez direnak. Esaten da taldeak atzean ixten direla, jokoa oso zuzena dela...eta ez da egia. Oso ongi jokatzen dute taldeek futbolean eta asko presionatzen dute. Lehen maila ere harrigarria da, baina jendeak gehiago jarraitzen du eta gutxi gorabehera badaki zer ezaugarri dituen.

Egia da baita ere askoz minutu gehiago jokatu ditudala Bigarren mailan Lehenengoan baino. Esan beharrik ez dago: askoz ere gehiago gozatzen duzu futbolaz berdegunean zaudenean, aulkian zaudenean baino.

Makina bat futbol zelaitan ere jokatu duzu...Zein izan da gehien txunditu zaituena?

Bat aukeratu behar baldin badut, Real Madrilen Santiago Bernabeu. Koliseo erromatar baten tankera hartu nion! Gu gainera Soriatik gentozen, hiri txiki batetik...imajinatu zer nolako kontrastea. Asko inpresionatu ninduen zelaiaren tamainak eta harmailetan horrenbeste jende ikusteak.

Zelai benetan ikusgarriak daude Lehen Mailan, baina Bigarrenean ere badaude hiri eta zelai politak, zalantzarik gabe.

Santiago Bernabeu bezalako zelaietan aritzetik, Michelinen jokatzera. Kontraste handia, ezta?

Ezin dira alderatu, baina Michelingo instalazioak oso onak dira, ezin gara kexatu. Gainera, harrigarria iruditzen zait nola lortzen duen Ostadarrek taxuzko ordutegiak egitea, horrenbeste talderekin. Ikusgarria da zenbat haur mugitzen dituen futbolak herri honetan.

Ostadarren etorkizuna bermatuta dago, beraz.

Zalantzarik gabe. Ikaragarrizko jokalari kopurua dago herri honetan. Gainera, talde askok jokatzen dute maila altuetan, eta hori gaztetxoentzat ‘motibazio extra’ bat da. Ostadar maila altuetan lehiatzen ikustea oso garrantzitsua da klubarentzat, jokalarientzat eta baita herriarentzat ere.