Arratsalde bero honetan haur eta gaztetxoek primeran pasatzeko aukera izan dute. Udalak antolatutako Mugikortasunaren Astearen baitan, joko ezberdinak izan dira Kale Nagusian. Trafikoa erdigunetik itxita, kalea oinezko eta batez ere, haur eta gazteentzat izan da gaurkoan.
Herri kiroletan, Segway-aren gainean ibilbidea egin edota ONCEren joko didaktikoak probatzeko aukera izan da.
Ekintzak bihar eta etzi
Bihar hirian bizikleta erabiltzeari buruzko ikastaroa izango da Okendon. Adin guztientzako da baina aurrez izena eman beharko dute bertan parte hartu nahi dutenek. Horretarako, 943670249 telefonora deitu behar da.
Ostiralean protagonismo berezia izango dute bizikletek. “Bizikleta Festa” egingo da Okendon, 16:00etatik 19:30etara. Bizikleten martxak izango dira, adinen arabera banatuta. Horrela, 16:00etan 2-6 urte bitartekoak aterako dira triziklo edota motor txikian. Handik ordu erdira 7-11 urtekoen txanda izango da eta 17:00etan, 12 urtetik gorakoena. Martxa horiez gain, bizikleta-jolas ezberdinak ere antolatu dituzte.
Ostiralean bigarren eskuko bizikleten azoka jarriko da Okendon, 16:30etatik 19:30etara. Bizikletak saldu nahi dituztenek egun berean utzi beharko dituzte azokan, 15:00etatik 16:30etara. Gero, saldu ez badira, beraien bila pasa beharko dute jabeek 19:30etatik 20:00etara.