Guztira 20 bikotek eman dute izena lehiaketan. Irailaren 8an itxi zen epea. Alonsok nabarmendu du “espero baino bikote gehiagok” eman dutela izena: “Guk 16 bat aurreikusten genituen”. Amenabarrek erantsi du jokalari batzuk “epez kanpo” jarri direla harremanetan antolatzaileekin, eta txapelketatik at geratu direla.
Izen-ematearen prezioa 50 eurokoa izan da. Trukean, jokalari guztiek kamiseta bat eta pilota pote bat jaso dute. Baldintzak honakoak ziren: jokalarietako bat Lasarte-Orian erroldatuta egotea eta biak udal kiroldegiko bazkide izatea.
Gizonezko eta emakumezko kategoriak ateratzeko asmoa zeukaten antolatzaileek, baina azkenean gizonezkoena bakarrik atera da aurrera, emakumezkoetan ez zeudelako nahikoa jokalari.
Txapelketaren egitura
Guztira 20 bikotek eman dutenez izena, lauko bost multzo sortu dira. Multzo bakoitzeko lehenengo bi bikoteak azken fasera pasako dira, eta beste biek kontsolazio fasearekin konformatu beharko dute.
Partidak astelehenetan, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan jokatuko dira. Astelehenetakoak eta ostiraletakoak 19:00etatik 22:00etara izango dira (ordu eta erdiko bi partida). Larunbatetakoak berriz, 9:30etatik 17:00etara jokatuko dira; ordu eta erdikoa izango da bakoitza. Azkenik, 11etatik 12:30etara izango dira igandetakoak. Amenabarrek esan du “malgutasuna” emango zaiela jokalariei ordutegiak aldatzeko.
Etekina atera pistari
“Luxu bat da gure herrikoa bezalako padel pista bat edukitzea”, esan du Txus Alonsok. Gaineratu du “ahalik eta etekin gehiena” atera behar zaiola, eta txapelketarekin hori lortuko dutela. “Bost urte daramatzagu txapelketa antolatzeko itxaroten, eta azkenean padel jokalariok aurre hartu eta guk geuk antolatu dugu”, aipatu du Alonsok. Dena den, eskerrak eman dizkiote antolatzaileek Lasarte-Oriako udalari eta kiroldegiari, eman duten laguntzagatik.
Teknologia berriak erabili dituzte padel jokalariek euren sarea handitzeko, Alonsok nabarmendu duenez: “Orain dela gutxi arte jokalari berberak biltzen ginen aldiro-aldiro, baina ‘Whatsapp’ talde bat sortu genuenetik askoz ere jokalari gehiago gara orain”. Astelehenean hasiko dira 20 bikoteak, onenak izateko lehian. Sariak egongo dira ere aurreratu dute antolatzaileek, baina oraindik erabat itxi gabe dituztela ohartarazi dute.