Pablo Barrio alkateak sinatu du gaur Bego Zuza ARGIAko lehendakariarekin elkarlanerako hitzarmena. Honetan jaso denez, ARGIAk bat egiten du udalak herriko merkataritza suspertzeko lantzen ari den Tratu On Bat markaren sustapenarekin.
Honen truke, ARGIA Eguna baino lehen, datorren ostiralean, Manuel Lekuona kultur-etxean egingo den kontzerturako aldizkariak aretoa baliatu ahal izango du kosturik gabe.
Bi aldeak pozik azaldu dira akordioarekin izan ere “borondatea dago elkarrekin lanean jarraitzeko”. Zuzak aipatu duenez, “gu ere Lasarte-Oriako parte gara eta gure esparrutik herriari eskaini diezaiokeguna egiteko prest gaude”.
Pablo Barriorentzat erakusleiho ona da datorren asteko kontzertu hau “Euskal Herri osotik iritsitako Argiazaleak gerturatuko dira Lasarte-Oriara eta gure herriko merkatari eta ostalarientzat ona izango da”.
Irailak 26
Argiaren aldeko kontzertuan Mikel Urdangarin, Anari, Pier Paul Berzaitz, Petti, Estitxu Pinatxo, Alboka Taldea, Bide Ertzean eta Jon Basaguren izango dira. Sarreren prezioa 15 eurokoa da eta dagoeneko salgai daude Jalgin, kultur-etxean eta ARGIAren egoitzan.