Bilbon egindako agerraldian, www.ehu.eus domeinu-izena erregistratzeko eskaria bideratu du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak besteak beste. Gaur hasi eta azaroaren 8ra luzatuko den fase hau, batez ere, elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratua dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko du. Fase honetan, domeinu-izenak dagokienei ematea bermatu nahi dela azaldu dute.
Lehentasun irizpideak
Lehentasun irizpideak domeinuak eskuratzeko garaian honakoak izango dira:
1. Marka erregistratuak
2. Domein-izenen blokeoa
3. Interes publikoa
4. Tokiko markak
5. Erregistro librea
Abiarazte-aldia azaroaren 18an bukatuko da eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia zabalduko da.
Erregistratzeko prozedura
Edonork eska dezake .eus domeinu-izen bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra edo erakunde/enpresa/elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu-izen bat eskuratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik. Domeinua eskatzeko www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu.
.eus domeinu-izenen azken prezioa erregistradoreek jarriko dute, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Prezioak beste zerbitzu batzuk ere barnebil ditzake (.eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza eta abar).
Guztion domeinua
Urte amaiera bitartean domeinu-izenen eskaria handia izatea espero da eta 2.000 domeinu aktibatzea aurreikusten da. Josu Waliñok, domeinuaren erabilgarritasuna azpimarratu
du, “lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal jendarte gizartearen domeinu izan behar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena... Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal komunitate osora”.
Aurrekariak
Momentu honetan .eus domeinuaren Aitzindariak dira aktibatuta dauden .eus domeinu-izen bakarrak. 92 aitzindari horietatik, aipatu behar da Txintxarri parte den Tokikom dela horietako bat.