San Pedro elizari diru-laguntza emateko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 16a

PSE-EEk galdegin dio udal gobernuari 30.000 euroko diru-laguntza gauzatzea, San Pedro elizako berritze obrak egin ahal izateko. PSE-EEk onartu zuen diru kopuru hori bideratzea elizara, EAJrekin batera.

“Lasarte-Oriaren ondare historikoaren parte da San Pedro eliza. Horregatik, denon ardura da eraikina ongi kontserbatzea”, esan du PSE-EEren bozeramaile Jesus Zaballosek.

PSE-EEren aburuz, Bilduren gobernuak ez du bideratu 30.000 euroko diru-laguntza San Pedro eliza berritzeko; eskatu dute urtea amaitu baino lehenago bideratzea laguntza hori. “Ez dugu ulertzen nola Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste erakunde batzuek euren ekarpena egin duten bitartean, gure herriko udaletxeak ez duen diru-laguntza hori bideratu oraindik”, aipatu du Zaballosek.

Gainera, PSE-EEk salatu nahi du Oria auzoko Karmengo Kaperaren egoera “txarra” dela. “Udaletxeak ez badu berehala esku hartzen, kaperaren aurrealdeko eta barruko kalteak are handiagoak izango dira denborarekin”, gehitu du Zaballosek.