Irailaren 29an ekingo dio lanari Kukukak. Antolatzaileek azaldu dutenez, 600 ikasle inguru edukiko dituzte aurten, Antzerki eta Dantza talde desberdinetan banatuta.
Ikasturte berria hastearekin batera zenbait berrikuntza dakartzate antzerki eta dantza eskolakoek. Esaterako, “eskaintza berezia” egingo dute aurten gazte eta helduentzat, dantza garaikidean eta antzerkian: ostiral arratsaldetan klaseak emango dituzte, astean zehar herritik kanpo ikasten dutenentzat. Bestalde, Euskal Dantza Tradizionalean helduentzat eskaintza egingo dute aurten lehenengoz.
Eskaintza zabala
Dantza arloko arduradun Maider Oiartzabalek eman du Kukukak aurten eskaintzen duenaren berri. Antzerkian LH1etik helduetara arteko eskaintza dago. Dantzan berriz, hiru modalitate desberdin dituzte: Euskal Dantza Tradizionala, Euskal Dantza Sorkuntzan eta Dantza Garaikidea.
Euskal Dantza Tradizionalari dagokionez, aurten lehen aldiz helduen talde bat sortzeko aukera dago. Taldeak beraz, HH5etik helduetara bitartekoak izango dira. Euskal Dantza Sorkuntzan modalitateari dagokionez, LH4tik helduetara artekoa da eskaintza. Oiartzabalek nabarmendu du “irekita” dagoela izen-emateko epea, eta tokia dagoela oraindik. Dantza Garaikidean ere talde ugari egongo dira: DBH1etik hasi eta helduetaraino.
Talde berriak
Kukukako lan taldekoek azpimarratu dute “talde berriak” sortzeko asmoa daukatela, batez ere helduetan, dantza garaikidean eta antzerkian. “Izena ematerako orduan zalantzak eduki ditzaketenak animatu nahi ditugu. 12 urte lanean daramatzan talde batean sartzea ez da erraza, eta horregatik talde berriak sortzeko aukera emango dugu, ikasleak zerotik hasi eta euren prozesu propioa bizi dezaten”, aipatu du Maider Oiartzabalek.
Kukuka Dantza eta Antzerki eskolan izena emateko edota zalantzak argitzeko, bide bat baino gehiago daukate interesa dutenek. 665 847 345 telefonora deitu dezakete, edo bestela, mezu elektroniko bat bidali kukukaeskola@hotmail.com helbidera.
Aisialdia euskaraz
Aisialdia lantzea herrian, euskaraz. Hori da Kukuka Antzerki eta Dantza eskolaren helburu nagusietako bat. Mertxe Rodriguezek esan du “aukera polita” dela euskaraz ikasten ari direnentzat Kukukaren ekintzetan parte hartzea; “klasetik atera eta euskara praktikatzeko” aukera ona, “mintzapraktika” lantzeko abagunea.
Antzerkia zein dantza egiten ondo pasa nahi duen jende guztiari gonbita egin dio Alex Tellok: “Jendea animatu nahi dugu Kukukan izena-ematera; haurrak, gazteak eta helduak”.