Egitarauaren zati handiena Atsobakar auzoan egingo bada ere, herriko udaletxean hasiko da programako lehen ekintza. Ibilalditxoa antolatu dute Atsobakarreko parkeraino, 10:30ean.
Behin parkera iritsita, festak aurrera jarraituko du. 11:15ean Kirebako Mikel Pino txakur hezitzaileak ikuskizuna eskainiko du, Ada izeneko txakurrarekin batera. Txakurtzen elkartearen txanda izango da handik ordubetera, 12:15ean. Frisbie-ak eta txakurrak uztartuko ditu emanaldi horrek. Vicente Martinez eta Hiru txakurra izango dira bi protagonistak.
Bi ikuskizun horiek bukatu ostean, 13:30ean, maskota lehiaketa hasiko da. Lau kategoria desberdinetan lehiatu ahalko dute animaliek: txakur ar ederrena, txakur eme ederrena, txakur mestizo jatorrena eta txakur txikiena.
Elkarte ugari
Animali desberdinekin lan egiten duten hainbat elkarte joango dira igandean Atsobakar parkera. Txakurrekin aritzen diren Galgoleku, Etxauri eta Adopta Boj eta katuekin diharduten Katuka, Miauka eta AKE elkarteak.
Maskotaren egunaren antolatzaileek aurreratu dute aukera egongo dela jaberik ez duten animaliak adoptatzeko, Etxauri zentroaren eskutik. Antolatzaileen hitzetan, iaz 5 animalik aurkitu zuten jabea Maskotaren egunean.
Herritarrei ekitaldira joateko gonbita egiten diete antolatzaileek: “Egun polita bizitzeko aukera edukiko dute, maskotarik eduki edo ez”. Euro bateko diru-laguntza egiteko aukera ere izango dute Maskotaren egunera hurbiltzen direnek. Horrez gain, Atsobakarren dauden Caddie eta Uda-Berri tabernek pintxo-pote egingo dute goiz osoan zehar. 14:00etan bukatuko da ekitaldia.