Ostiralean hasi ziren Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko ospakizunak. Iluntzean, Adarra kaleko egoitzaren aurrean, Extremadurako bandera zuri berde eta beltza goratu zuten euren lurraldeko ereserkia abestearekin batera.
Hortik aurrera, festak ez zuen etenik izan. Afaltzeko Extremadurako kaldereta edo eltzekaria jan zuten eta ostean, Jaizkibel Plazan “The Garax” eta “The Ruibardos” taldeek kontzertuak eskaini zituzten.
Guadaluperen omenez
Larunbata izan zen festen egun handia. Goizean extremadurar meza ospatu zuten Xabier Andonegi apaizak gidatuta eta Errenteriako “Ecos de Monfragüe” kantari-taldeak girotuta. Eguerdi aldera haur-jolasak egin zituzten Jaizkibel Plazan, besteak beste zaku-lasterketa, sokatira, aulkien jolasa...
Gosea egin ostean, paella-jana egin zuten elkartearen egoitzan eta amaitutakoan, mus txapelketa jokatu zuten kartazaleek.
Gauean, 80 bazkide eta lagun bildu zituen afaria egin zuten Extremadura Etxean, herriko agintariak eta Senblante Abdaluzeko kideak bertan zirela. Gainera, Donostia eta Errenteriako Extremadura Etxeetako ordezkariak ere izan ziren gonbidatu. Afariari ekin aurretik, Emilio Llanos Extremadura Etxeko presidenteak “lasarteoriatar guzti-guztiengatik” topa egiteko eskatu zuen.
Afaria amaituta, plaka bana eman zitzaien etxeko kide izaten 25 urte daramatzatenei eta elkarteagatik eginiko lana aitortu zitzaien.
Afalostean berriz, “Cafe Irlandés” musika-taldearen eskutik gau-festa izan zen eta kanta ezagunen erritmora dantzan egiteko aprobetxatu zuten herritar askok. Goizaldeko 3:00etan, gazteenek Extremadurako “miga” ezagunak jateko aukera izan zuten Jaizkibel Plazan bertan.
Igandea, azken eguna
Guadalapeko Ama Birjina Zaindariaren festen azken eguna ospatu dute gaur Extremadura Etxeak. Eguerdian Zambra dantza taldearen eskutik ikuskizuna izan da eta extremadurar eltzekaria bazkaldu ostean, urtero arrakasta izaten duen bola-jokoko txapelketa egin dute iluntze aldera. Festei amaiera emateko, ostiralean igo zuten bandera zuri berde eta beltza jaitsiko dute ordubete barru, pena handiz.