Mosaikoa egingo da Okendon ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 12a

EH Bilduk mosaiko erraldoia osatu nahi du Okendo ostegunean, Eskoziako erreferenduma egiten den egunean elkartasun adierazpen modura. Gaur egin duten agerraldia EH Bilduko kideek eta herritarrak honetan parte hartzera deitu dituzte.

EH Bilduko kideek azaldu dutenez, “erabakitze eskubidea defendatu eta bere erabilera praktikoaren alde gaudenok, bi gertakari garrantzitsuren artean gaude. Azaroaren 9an Kataluniako kontsultaren aurretik, atzo izan zen Diada ikusgarria eta datorren ostegunean burutuko den Eskoziako erreferenduma”.

EH Bilduko kideek eskoziar herria zoriondu nahi izan dute, hilaren 18an, “bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aplikatuko duelako bere osotasunean eta modu demokratikoan. Aldi berean, Kataluniari gure zorion beroenak, gure babesa eta gure elkartasuna ere helarazi nahi diogu, azaroaren 9ko kontsultaren defentsa eta aldarrikapenaren inguruan lortu duen gizarte eta politikaren suspertzearengatik, eta Estatu espainiarrak jartzen dizkion traba guztien aurrean egiten dituen ahaleginengatik”.

EH Bilduren ustez aipatutako bi gertakariek herrien erabakitze eskubidearen auzia egunerokotasun politikoren agendan jarri dute “eta frogatu egin dute Europan gai hori, oraindik, irekia dagoela, gaurkotasuna duela eta erabakitze eskubidearen inguruko debatea landu eta hura praktikara eramateko aukerak badirela gaur egun”.

Mosaikoa Okendon

Eskoziako erreferenduma dela eta, hilaren 18an, EH Bilduk erabakitze eskubidea eta Eskozia eta Kataluniaren aldeko mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko herrietan. “Gurean atzo Bartzelonan ikusi genuen bezala, mosaiko bat osatu nahi dugu Okendo plazan baina kasu honetan Eskoziako herriari gure babesa emateko”.

Beraz herritarrak gonbidatzen dituzte ostegunean arratsaldeko 19:30etan Okendo plazan Eskoziako bandera irudikatzera. Honetara Kataluniako eta Eskoziako banderak ekartzeko gonbidapena ere luzatu dute.

Bestetik, asteartean, EH Bildu taldeak Udaleko bozeramaileen batzordera adierazpen instituzional bat eramango duela jakitera eman dute “Eskoziako herriari babesa eman eta Udaletxeko balkoian Eskoziako bandera jartzeko eskaerarekin”.