Egitarau zabala Mugikortasunaren astean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 12a

Agerraldia egin dute Okendo plazan gaur Pablo Barrio alkateak eta Artelatzeko teknikari Eli Gondaratzek, 13:15ean, “Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Astea” ekimena aurkezteko.

Barriok esan du “garrantzia handia” duela mugikortasunak eguneroko bizitzan, eta alor horretan “jasangarritasunez” lan egiteak etorkizunean “mundu garbi eta osasuntsuago bat” izatea ahalbidetuko duela. Hori lortzeko tresna garrantzitsuenetakoak dira bizikleta eta garraio publikoa, Barrioren ustez: “Egunerokotasunean airea garbi mantentzeko bizikleta da onena; bestalde, garraio publikoaren erabilera handitzeak sare publiko osatuago bat izaten lagunduko digu”.

Irailaren 16tik 22ra arte ospatzen da Mugikortasun Astea; irailaren 22a da “Nire Autorik gabeko Eguna”. Aste horren barruko hiru arratsaldetan burutuko dituzte hainbat ekintza Lasarte-Orian: asteazkenean, ostegunean eta ostiralean. Barriok azpimarratu du aurreko urteetan “arrakastatsuak” izan diren ekimenak mantendu dituztela eta berrikuntza batzuk ere sartu dituztela.

Egitarau zabala

Artelatzeko teknikari Eli Gondaratzek aurkeztu du Mugikortasun Astearen egitaraua. Nabarmendu du “edonorentzat, adin tarte guztietako pertsonentzat” direla datorren astean zehar burutuko diren ekimenak.

Zabala da egitaraua: asteazkenean, oinezkoentzat izango da kalea. Kale Nagusian, 16:30etatik 19:30etara, “Kalea oinezkoentzat” izeneko ekitaldi multzoa antolatu dute. Jolasak eta kirolak egingo dituzte kalean, “Segway” zirkuitua (10 urtetik gorakoentzat) eta baita jolas didaktikoak ere, ezintasun desberdinak dituztenen ikuspegitik, ONCEk antolatuta.

Ostegunean hirian bizikleta erabiltzeari buruzko ikastaroa emango dute, Okendo plazan. Adin guztientzako izango da. Hori bai, aurrez izena eman beharko dute bertan parte hartu nahi dutenek, plazak mugatuak baitira. Horretarako, 943670249 telefonora deitu beharko da.

Ostiralean protagonismo berezia emango diote bizikletari. “Bizikleta Festa” ospatuko dute Okendo plazan, 16:00etatik 19:30etara. Ekintza ugari egingo dituzte festa horretan. Esaterako, bizikleten martxak antolatu dituzte, adinen arabera banatuta. Horrela, 16:00etan 2-6 urte bitartekoak aterako dira triziklo edota motor txikian. Handik ordu erdira 7-11 urtekoen txanda izango da eta 17:00etan, 12 urtetik gorakoena. Martxa horiez gain, bizikleta-jolas ezberdinak ere antolatu dituzte.

Ostiralean bertan bigarren eskuko bizikleten azoka bat jarriko dute Okendo plazan, 16:30etatik 19:30etara. Bizikletak saldu nahi dituztenek egun berean utzi beharko dituzte azokan, 15:00etatik 16:30etara. Gero, saldu ez badira, beraien bila pasa beharko dute jabeek 19:30etatik 20:00etara.

Bizikleta eta kaskoez gain, argazkiek ere izango dute protagonismoa Mugikortasun astean. Hori da aurtengo berrikuntza nagusietako bat: herritar orok bidali ditzake “mugikortasuna herrian” gaiarekin zerikusia duten argazkiak, “Lasarte-Oriako mugikortasuna iruditan” ekimenaren bitartez. Irailaren 14a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, udala@lasarte-oria.org helbidera. Horietako batzuk udalaren web orrian argitaratuko dira eta hainbat dendetako erakusleihoetan ikusi ahalko dira, Aterpearen laguntzaz.

Ekimenaren helburuak

Mugikortasun Astearen egitaraua aurkeztearekin batera, ekimenaren helburuak zeintzuk diren ere azaldu dute: udalerri mailan mugikortasun jasangarriagoaren aldeko ekimen eraginkorrak abian jartzea, herritarrak kontzientziatzea eta kalean jarduera hezitzaile eta parte-hartzaileak antolatzea (urtean zehar motordun ibilgailuek erabiltzen dituzten eremuetan, ahal izanez gero).  

Antolatzaileek zenbait ohar interesgarri jakinarazi dituzte. Esaterako, beharrezkoak direla bizikleta eta kaskoa martxa eta jolasetarako. Doakoak izango dira jarduera guztiak. Bestalde, asteazkenean, itxita egongo da Kale Nagusia 1-34 zenbakien artean (bi errotonden artean, 15:30-20:00). Gainera, “Muittu Mantangorri” zerbitzua doakoa izango da irailaren 22an.