Xabier Elizegi: “Igeriketak bizimodua aldatu dit”

jon-altuna-egitegi 2014ko ira. 12a, 10:37
Xabier Elizegi herriko igerilariak Ultraebre Swim Marathon 31 kilometroko zeharkaldia egin zuen abuztuko azken asteburuan. Katalunian jokatu zen proba Ebro ibaiaren deltan, Tarragonan, Tivenys eta Amposta herrien artean. CD Kairoscore taldeko igerilariak bosgarren egin zuen sailkapen nagusian, eta lehenengo 30 urtez gorakoen mailan. Duela urtebete eskas hasi zen Elizegi igerian, “kirol pixka bat” egite aldera. Orain distantzia luzeetako ultra-igerilari bilakatu da.

Nork esango zion Lasarte-Oriako Igeriketa Klubean, Idelfonsorekin igerian ikasi zuenean, noiz edo noiz halako proba luzerik egingo zuenik. Nork esango zion Unibertsitatea hasi zuenetik batere kirolik egin ez zuen Xabi Elizegiri halako balentriarik egiteko gai izango zenik. Bada, bai, lortu du. Lana, hobetzeko grina eta umorea izan dira lasarteoriatarraren sekretuak.

Nola sortu zitzaizun erokeria hau egiteko ideia?
Umetan ibili nintzen igerian, baina utzi eta lehengo urtean hasi nintzen berriro udarako zeharkaldiak egiten, 3.000 metro ingurukoak. Baina egun batean Interneten begira ari nintzela ikusi nuen hemendik gertu trabesia luze batzuk bazeudela, tartean Ebrokoa. Interesa sortu zitzaidan eta ekaina-uztailean erabaki nuen parte-hartzea.

Hemengoak probak motzak izan ohi dira, hiruzpalau kilometrokoak. Ultraebrek 30.830 metro ditu...
Egia da, 40-50 minutu igeri egitetik 5 ordu egitera igaro-tzea ez da erraza. Errekan dagoen probarik luzeenetakoa da.

Igeriketaz badakienak ondotxo daki 31 kilometro bost orduan egitea oso azkar igeri egitea dela.

Bai. Lehen erdian, lehen hamabost kilometroetan ur-korronte dezente dago, baina probak aurrera egin ahala, azken sei kilometroetan apenas dago korronterik. Bitxikeria bezala esango dizut Markel Alberdi eibartarraren 100 metro libreetako Espainiako errekorra baino azkarrago egin genuela igerian lehen 15 kilometroetan.

Alberdiren mailaraino ez dakit, baina maila txukuna lortu duzu, sailkapen nagusian bosgarren eta zure mailan lehenengo.
Sorpresa izan zen. Bilera izan genuen bezperan, ingurura begiratu eta neure buruari esan nion "zeini irabazi behar diot hemen?". Behin uretan, ez nekien ze postutan nindoan azken hiru kilometroetan sartu arte, barkuko epailea pasa eta esan zigun 26 bat genituela aurretik, baina harritu egin ginen. Lehen neska gurekin zihoalako. Iritsi eta aurreko laurak gazte batzuk zirela jakin genuen, igerilariak, gu afizionatuak gara. 

Itsaso edo ibaian igeri egitea, zer duzu nahiago?
Ez dakit bat bestea baino hobea den, errekako esperientzia berria izan zen niretzat, ohituta bainago itsasoan egitera. Olatuak, korronteak haizea ... Desberdinak dira.

Zer entrenamendu sistema erabili duzu horren proba luzea prestatzeko?
Uztailak 20an Getaria Zarautz zeharkaldi ezaguna egin nuen eta entrenamenduak horra zuzenduta zeuden, gainontzeko taldekideenekin batera. 

Behin hori bukatuta, Ultraebre probarako entrenamendu bereziak egiten hasi nintzen. Ordu dezente sartu ditut udaran uretan, astean lautan entrenatzen nuen. Asteko hiru egunetan goizez zein arratsaldez eta igandean saio luze bat itsasoan, jana eta edana nola hartu entrenatzeko.

CD Kairoscoren entrenatzaile duzu Irati Samaniego, zure alboan izan zen Ebron kayakean ezta? 
Probatik kanpo, entrenamenduetan igandero nirekin etortzen zen entrenamendu luzea egitera, itsasora laguntzarekin joan behar delako entrenatzera. 

Probaren bezperan ibaia ezagutzen ibili zen eta zeharkaldian bertan jendea nondik zihoan begiratzen zuen, eskubitik edo ezkerretik joateko. Gainera, ordu erdiro jana ematen zidan. Ni igeri egiteaz soilik arduratu naiz. Iratiz gain, urtean zehar beste bi entrenatzaile izan ditut alboan, Ane Zulaika eta Aaron Sanchez. Klubean oso gustura nago.

Duela urtebete pasatxo esan izan balizute Ultraebre Swim Marathon egingo zenuenik...
Ezta erotuta ere, barre egingo niokeen aurpegira. Kirol pixka bat egiteko hasi nintzen, besterik gabe. Baina azkenean sukarra bihurtu da. 

Gorputza ere aldatu zaizu, matrailezurrak nabari zaizkizu sasoian dauden kirolarien gisan.
Pisuan jada goregi nindoan eta... Korrika egiteko gaizki nebilen, ez baitut inoiz jakin. Kirola egin eta jana zainduta emaitzak ailegatzen dira.

Ultraebre bukatuta nola sentitu zen Xabi? Hustuta ezta? Ezin pauso bat bestearen aurrean jarri...
Hango antolatzaileek esaten zuten ibaia iaz baino motelago zegoela. Nik buruan neukan sei orduren bueltan ibiliko nintzela. Bidean asko gorde nuen, hiru ordu eta erdi neramatzala, kilometroak eta denborak ez zetozen bat, uste baino azkarrago nindoan eta primeran sentitzen nintzen. 

Nekatuta, baina osorik amaitu nuen. Gero zuzenean kotxea hartu eta buelta etxera.
 
Errepikatuko al zenuke?
Ez nuke ezetz esango. Jokoa ematen du, itsasoan baino gehiago. Ur-korronteak dibertigarriak dira eta antolakuntza bikaina da.

Igeriketa ona omen da lesioentzat, bihotzarentzat... Mediku eta adituek gomendatzen dute kirol hau.

Entrenamendua eta teknika dira sekretua. Teknika bereziki funtsezkoa da. Fisikoki ondo dagoen bati gerta dakioke bi luze egin ahal ez izatea. Izan ere, jendeak bizikletan ibiltzen badaki, korrika egiten badaki, baina igeri egiten ikasi egin behar da. Orduan hasten zara gozatzen. 

Triatloira jauzia noizko?
Ez, ez dakit lasterka egiten. Bizikleta gustatzen zait.  Baina ez nintzateke ongi moldatuko triatloian.

Zer eman dizu igeriketak?
Azkenen maitemindu egin nau. Ondo zabiltzanean beti da errazagoa engaiatzea. Hasieratik uste baino hobeto nabil, pixkanaka urratsak eman eta Penintsulako ibai zeharkaldi luzeena egin dut.