Pili Bodegas herritarraren aurretik Estefania Gomez kantabriarra eta Ainara Pacheco sailkatu ziren. Hirugarren egin bazuen ere, bigarren euskalduna izan zen Bodegas eta ondorioz podiumeko bigarren koskaraino igo zen lasarteoriatarra.
Gizonezkoetan berriz, Jon Unanue zarauztarrak jantzi zuen txapela 59:44ko denborarekin.
Hondarribiako Triatloia
Bihar berriz, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Hondarribiako seigarren triatloiaren edizioa ospatuko da. Hau ere sprint distantzian (750m-21km-5km) lehiatuko dute eta Euskal Herriko triatloi zirkuturako azken aurreko proba puntuagarria izango da.
Logroñoko Triatloia
Bestalde, Logroñoko triatloian hainbat herritarrek parte-hartu zuten joan den asteburuan. Saiatuz taldeko lau lagun joan ziren Errioxa aldera maila politeko triatloiean lehiatzera.
Bero handia izan zuten lagun, gehiegi ere bai zenbait momentutan eta triatletek gogotik sufritu behar izan zuten eguzkiaren indarraren eraginez.
Imanol Arteagak, Eñaut Fernandez de Lezeak eta Peio Fadriquek Ironman erdia eta Distantzia Olinpiko bikoitzaren arteko lasterketa bat egin zuten (3km igerian, 82km bizikletaz eta 15km korrika).
Imanol Arteagak 79. postua erdietsi zuen 4:50:11ko denbora eginez, Eñaut Fernandez de Lezeak berriz, 89. egin zuen 4:53:03ko kronoa markatuta. Peio Fadriquek azkenik, lasterka egin beharreko zatian erretiratzea erabaki zuen, ez nekea somatzen hasia zelako “motibazio falta” tarteko baizik.
Bestalde, distantzia Olinpiko “moldatuan” (1,5km igeri, 40 kilometro bizikletaz eta 7,5 kilometro korrika) Gema Oreja izena emanda bazegoen ere, haurdun dagoenez eta gorputza lasterketarako prest ikusten ez zuenez, uko egin zion parte-hartzeari.
Hortaz, lehian izan genuen herritar bakarra Zigor Gallardo izan zen. Honek 83. postuan amaitu zuen proba 02:29:34 denbora eginda.
Errioxan asteburu ederra igarota itzuli ziren etxera herriko triatletak.