Nagusien omenaldia aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 10a

Aurten urriaren 1etik 8ra bitartean antolatu dituzte ekintzak Biyak Batekoek. Eguerdian egindako agerraldian, gogoratu nahi izan dute ekintza guztiak irekiak direla eta herritar nagusi guztiek parte har dezaketela.

Nagusien Omenaldia aurkeztu dute Biyak Bat egoitzako Exiquio Perez eta Adela Mansok Pablo Barrio alkateak eta Gorka Lizarraga zinegotziak. Aurtengoan urriaren 1ean hasi eta 8ra bitartean izango dira herriko nagusiei zuzendutako ekintzak.

Adelak, Biyak Bateko zuzendaritzako kideak eman du egitarauaren berri. Urriaren 1ean 16:00etan bandera igo eta aurreskuarekin emango diote hasiera ofiziala jaiari Biyak Baten. Egun horretan, Isla plazan eta jubilatuen egoitzan toka, igel, bote eta bingo joko txapelketak hasiko dira. “Hauetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta horretarako epea irailaren 15ean hasiko da egoitzan 10:00etan”.

Urriaren 2an, Biyak Bateko abesbatzarekin batera emanaldia eskainiko du Ordizia abesbatzak Brigitarren komentuan. Urriaren 3an, ostirala, Okendon kalejira egingo dute eta 19:00etan “Cotillas” antzezlanaz gozatu ahalko dute kultur etxean.

Larunbatean, goizeko 9:30ean hirugarren urtez martxa neurtua antolatu dute herrian zehar Okendon hasita. Ibilbidean Ostadarreko kideak izango dira laguntzen eta hauei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Iaz 40 bikotek hartu zuten parte martxan eta gehienez 120 izan daitezkela argitu dute agerraldian “jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke”.  17:00etatik 20:00etara berriz, dantzaldia izango da eta honen baitan, dantza txapelketa egingo dute jubilatuen egoitzan.

Bazkaria eta omenaldiak

Igandean ohiko hitzorduari jarraiki, meza egingo dute San Pedro parrokian 11:00etan eta hau bukatzean, kalejiran kultur etxera abiatuko dira bertan Biyak Bat eta Amaya abesbatzen emanaldia entzuteko. Bazkari handia egingo dute 14:00etan Michelingo frontoian eta dantzaldia izango dute festarekin jarraitzeko Ibai Berriak taldearekin 18:00ak arte. Bazkarian 80 urte betetzen dituzten bazkideentzat baita helduenentzat ere, opariak banatuko dituztela jakitera eman dute.

Gorka Lizarraga zinegotziak aipatu du bazkariaren kostua 8 eurokoa dela eta honetan parte hartu dezaketela 1948. urtean edo lehenago jaiotako lasarteoriatarrak. Astelehenean zabalduko da epea izena emateko zahar egoitzan 10:00etatik 13:00etara. “850 lagunentzako lekua dago eta iaz 400 inguru izan ziren bazkarian parte hartu zutenak, beraz uste dugu nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dutela”.

Egoitzaren urteurrena

Urriaren 6an antzerkia izango da Kultur etxean 19:00etan “Las molestias clownicas” eta urriaren 7an gimnasia eta dantza erakustaldiak egingo dituzte Okendon 17:00etan hasita.

Ekintza egitarauarekin amaitzeko, urriaren 8an egoitzaren 36. urteurrena ospatuko dute. Goizean txistulariak, meza, bazkaria izango dira eta jarraian, sari banaketa afari-merienda eta dantzaldia 21:00ak arte.

Pablo Barrio alkateak nabarmendu nahi izan du zein garrantzitsua den nagusiak aktibo mantentzea eta halako ekimenak antolatzeko gogoa izatea. “Udalak lagundu egiten du aste honen antolakuntzan baina Biyak Bateko lagunek hartzen dute dena antolatzeko ardura”.

Denek animatu nahi izan dituzte herritarrak aste berezi honetan parte hartzera “jendeak uste du soilik Biyak Bateko bazkideentzat dela baina ekintza guztiak irekiak dira”.