Astiazaran eta Arluziaga Santa Anan garaile

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 8a

Uztailaren 30ean, Santa Ana Pala txapelketako finala jokatu eta Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziaga izan ziren irabazleak.

Ikusle ugari hurbildu zen Loidi-Barren pilotalekuara finala era hirugarren postuko partida zirraragarriak ikustera.

Finalean Bernaitz Odriozola-Shanti Martin eta Xenki Astiazaran- Iñigo Arluziaga izan ziren aurrez aurre. Partida oso berdindua izan zen, 27-27 egon ziren. Xenki Astiazaranen lan onari esker Astiazaran-Arluziaga bikoteak 29-35a jarri zuen markagailuan. Gainera, Xenki Astiazaranek finaleko jokalari onenaren saria ere lortu zuen.

Aurretik hirugarren postua izan zen jokoan. Xabier Arteaga eta Beñat Esnaolak 35-32 irabazi zieten Jon Pello Artetxe eta Xabier Etxezarretari. Partida honetan ere azken tantoetan erabaki zen norgehiagoka.

Lehen tantoetan Artega-Esnaola bikoteak errenta atera bazuen ere, Artetxe-Etxezarreta bikoteak ia buelta eman zion partidari 33-32 jarriaz. Baina Arteagak ederki erantzun zuen aurrean eta garaipena eman zion bere bikoteari.

 Hau guztiaz gain, Santa Ana Pala txapelketako antolatzaileek Josu Sarasolari omenaldia egin zioten.