Lursailak eskuragarri Ekoguneko baratzetan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 8a

Baratze Parkeko lursailak eskuratzeko itxaron zerrenda ireki du Kutxaren ekoguneak. Zenbait baldintza bete behar dira Ekoguneko 30 edo 60 metro karratuko lursail bat eskuratzeko: Lasarte-Orian, Hernanin edo Donostian erroldatuta egotea da horietako bat.

Horrez gain, lursaila eskuratu nahi dutenek ezingo dute beste baratze bateko erabiltzaile den familia unitateko kide izan. Beste baldintza bat ere jarri dute: eskatzaileak edo familia unitateko beste kide batek ezingo du nekazaritzako egokia den lursail bat eduki (ez jabetzan, ez gozamen eskubidez eta ezta alokairuan ere) lehen aipatutako hiru herrietan.

Izena emateko bete behar diren dokumentu eta baldintzei buruz informazio gehiago eskuratzeko, www.ekogunea.net webgunea kontsultatu daiteke. Irailaren 20a da lursail bat eskuratzeko eskaera egiteko azken eguna.