Ostadar SKT-ko saskibaloi taldeek lan ederra egin zuten iazko denboraldian eta arrakasta horiek errepikatzeko asmoarekin hasi da lanean saila. Aurten gainera, herritarren eskaerari erantzunez beste bi talde osatu ditu, bata neskena eta bestea senior gizonena.
Ostadar SKT-k saskibaloi atalak lau talde aurkeztuko ditu 2014-2015 denboraldian. Herrian zaletasun handia dago eta saskibaloi sailak aurten bi talde gehiago osatu ditu. Honela nesken hiru talderekin batera, errendimenduko kadete, partizipaziozko kadete eta errendimenduko junior taldeak, gizonezko bat ere izango da lehian, Gipuzkoako 3. mailan.
“Saskibaloian maila igo-tzen ari gara eta honekin batera neska gehiago ditugu kirol hau egiteko prest”, azaldu du Endika Marrahi saskibaloi taldeko arduradunak eta honen ondorioz, nesken talde berria sortu dute kadete mailan.
Senior taldea
Honetaz gain, gizonezkoen senior taldea ere izango da. Marrahik adierazi digunez, “deialdi baten ostean gizonezko senior taldea sortzeko aukera genuela ikusi genuen. Lasarte-Oriako gazte asko daude kirol honetan ibiltzen direnak, baina herrian ez talderik. Gure artean ados jarri ondoren taldea osatzea erabaki genuen”.
Hirugarren mailako senior mailan lehiatuko da taldea. Lanean ari dira eta lehen partida urrian jokatuko dute.
Entrenamenduak
Ostadar SKT-ko saskibaloi sailak herritarrak gonbidatu nahi ditu taldeetan parte hartzera eta honela entrenamendu saioen ordutegia jakinarazi digu.
Kadete eta junior neskek hiru egunetan izango dituzte saioak kiroldegian.
Errendimenduko kadete taldeak astelehena 18:30etik 20:00etara, asteazkena 15:00etatik 16:30era eta ostiraletan 16:00etatik 17:00etara egingo du lan.
Partizipaziozko kadete taldeak astelehen eta astearteetan 18:30etik 20:00etara eta ostiraletan 17:00etatik 18:00etara.
Astelehen eta astearteetan 18:30etik 20:00etara eta ostiraletan 18:00etan 19:30era entrenatuko dute errendimenduko juniorrek.
Senior mutilek berriz, bi saio egingo dituzte astelehenetan 21:15etik 22:15era eta ostiraletan, 20:30etik 22:15era.