Abuztuan ere milaka abentura

Txintxarri Aldizkaria 2014ko irailaren 8a

Oporraldiak amaitu dira eta aurki haur eta gazteak egunerokotasunera bueltatuko dira, ikastolara. Baina uztaila eta abuztuan oporretara joan ez direnek, herrian Udako Txokoetan gozatzeko aukera izan dute. Jokoak, irteerak, desfileak, dantzak... denetarik izan dute eta abuztuan gainera, haur eta begiraleek eguraldiari aurpegi ona erakutsi behar izan diote.

Ttakun KE-k Udalaren laguntzaz antolatzen dituen Udako Txokoetan uztaila eta abuztuan ehunka haur eta gazte izan dira aurten eta antolatzailek irakurketa positiboa egin dute. Gai desberdinak landu dituzte joko, jolas eta irteeren bidez. Gainera, uztailean zehar milaka abentura bizi bazituzten ere, abuztuko txandan ez dira atzera geratu.
Heroiak
Abuztuan zehar “Super heroiak” izan dira nagusi Udako Txokoetan. Adin tarte bakoitzak bere heroia aukeratu eta haren antzera janzteko aukera izan zuten, bere eskuekin egindako mozorroei esker. 
Handienek gainera, bere super heroi propioa sortu zuten, Elektrika eta bere jarrera, botereak, arropa erabaki zituzten, baita abesti bat sortu ere.

Ekintza desberdinak
Gaiarekin lotutako ekintza ugari burutu zituzten haur eta gazteek, jostakirola saioak ere izan zituzten eta hainbat irteera ere izan dituzte. Ontzietan Santa Klara uhartera joan ziren; erleek eztia nola egiten duten ikusi zuten; 5 urtetik gorakoak bibak egin zuten Orion; txikiek Txiki Parkean gozatu zuten eta guztiak batera Larraul ezagutu zuten.

Jaizkibel Plaza apaintzen
Bestalde, ekintza berezi batean ere parte hartu zuten haur eta gaztetxoek. Lasarte-Oriako Udalak eskatuta, mural bereziak prestatu zituzten Jaizkibel plazako etxabeetarako. Aurki Udalak Sasoeta auzoko hainbat etxabe eraitsiko ditu eta eremu huts horien erabilera adosteko auzoko bizilagunekin parte-hartze prozesua abiatuko du.Herritarrei hau jakinarazi eta eremua apaintzeko mural ba-tzuk egitea adostu zen. 

Udako Txokoetako haurrak izan dira mural hauek marraztu dituztenak. Muralak ostegunean jarri ziren ikusgai eta hauetan era guztietako “panpinak” daude irudikatuak.

Azken festa
Eta uztaileko txandaren antzera, azken festa egin zuten ere abuztuan. Txikienek haien dantzarako trebetasuna erakutsi zieten gurasoei, handienek berriz, dantza eta kantua uztartu zituzten eta Elektrikaren abestia eskaini zieten guztiei. Baina ez ziren haur eta gaztetxoak dantza egin zuten bakarrak izan. Guraso eta begiraleek ere haien harritxoa jarri baitzuten. Gurasoek “Kafe frantses” eta begiraleek “Agurra” eskaini zituzten. Azkenik, luntxa ere izan zen guztientzat.