Euskara ikasteko aukera, beken bitartez

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ira. 4a, 16:56
“Aukera paregabea”. “Euskararen mundurantz bidaia aberasgarria”. Gisa horretako adierazpenak izan dira entzungai gaur udaletxeko bilera gelan. Agerraldia egin dute Muntteri-AEKko zuzendari Olatz Urdanpilletak, Udal euskaltegiko zuzendari Lorendiñe Usarraldek, Pablo Barrio alkateak eta Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak, aurten herriko bi euskaltegietan euskara ikasteko dauden aukerak azalduz. Gainera, hastear den ikasturtera begira herritarrak animatu dituzte,

“Aukera paregabea”. “Euskararen mundurantz bidaia aberasgarria”. Gisa horretako adierazpenak izan dira entzungai gaur udaletxeko bilera gelan. Agerraldia egin dute Muntteri-AEKko zuzendari Olatz Urdanpilletak, Udal euskaltegiko zuzendari Lorendiñe Usarraldek, Pablo Barrio alkateak eta Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak, aurten herriko bi euskaltegietan euskara ikasteko dauden aukerak azalduz. Gainera, hastear den ikasturtera begira herritarrak animatu dituzte

Bidaia hori egiten laguntzeko, bekak emango dituzte. Nogalesek zehaztu duenez, herriko euskaltegietan matrikulatzen diren ikasleek “matrikula prezioaren %85 arteko beka” jaso dezakete Udaletik: “Ikasleek aukera oso ona daukate euskara ikasteko, matrikula ia-ia dohainik ateratzeraino”.

Lehengo ikasturtearekin alderatuta, beken aurrekontua handitu du Udalak: 25000 euro bideratzetik, 45000 eurora arte. Bestalde, aipatu du 2013/2014 ikasturtean 131 beka emanak dituztela.

Euskaltegien eskaintza

Herriko bi euskaltegietako zuzendariek ezagutzera eman dituzte aurtengo ikasturterako dituzten eskaintzak. Muntteri-AEKko Olatz Urdanpilletak zehaztu duenez, “aukera desberdinak” eskaintzen dituzte: “Klaseak ditugu goizez eta arratsaldez; 10 ordukoak goizetan, astelehenetik ostegunera, eta 8koak arratsaldetan, astelehenetik ostegunera baita ere; maila guztiak lantzen ditugu, 0tik hasita 3.era arte”.Gainera, autoikaskuntza bitartez ikasi edo hobetu dezakete euskara ikasleek. Hori gutxi balitz, sarean ere kurtsoak eskainiko dituzte aurtengoan. Informazio gehiago nahi duenak (ordutegia, prezioak...) AEKk Lasarte-Orian duen egoitzan eskura dezake.

Udal Euskaltegiko Lorendiñe Usarraldek ere azaldu du zein eskaintza prestatu dituzten aurten. Klaseak astelehenetik ostegunera emango dituzte, 10 ordu guztira. Bestalde, txandaka lan egiten duten langileek “goizez edo arratsaldez” ikasi dezaketela aipatu du, “beraiei egokien etortzen zaien tartean”. Berrikuntza baten berri ere eman du: “Aurten, hilaren 17a baino lehenago matrikulatzen direnek aukera edukiko dute 10 kuotatan ordaintzeko matrikula”. Autoikaskuntzarako aukera ere ematen dute. Ikasturte berrira begira informazio gehiago eskuratu nahi duenak, helbide honetan eskuratu dezake.

Udal euskaltegiko klaseak irailaren 18an hasiko dira, ekainaren 18ra arte. AurreMuntteri-AEKkoak berriz, hilaren 26an. Urdanpilletak nabarmendu du “garrantzitsua” dela egun hori baino lehenago matrikulatzea, “taldeak egiteko”. Usarraldek zehaztu du irailaren 17a dela matrikulatzeko azken eguna.

Herrian matrikulatzearen onurak

Beste herri batzuekin alderatuta, herritarrek Lasarte-Oriako euskaltegietan izena ematearen “alde onak” aipatu ditu Usarraldek: “Etxetik hurbil daude eta trafiko arazoak direla eta ikasleek ez dute zertan denbora galdu beste herrietara joaten. Gainera, Donostiarekin alderatuta adibidez, herriko euskaltegietako matrikulak merkeagoak dira”.

Usarraldek eta Urdanpilletak, biek aipatu dute kanpotarrak diren ikasleentzat herrian integratzeko “tresna garrantzitsuak” direla euskaltegiak. “Herrikoak diren ikasleekin harremanetan jarri eta ohitura herritarrak ezagutzeko oso lagungarriak dira euskaltegiak”, esan du Usarraldek. Iritzi berekoa da Urdanpilleta: “Laster ospatuko ditugu Euskal Jaiak herrian, eta apurtxo bat beranduago, Olentzero... herriaren dinamikan parte hartzeko aukera ematen dute euskaltegiek”.

Bidaiatzeko gonbitea

Azkenik, herritarrak “euskararen mundura bidaiatzera” gonbidatu ditu Pablo Barrio alkateak: “Bidaia aberasgarria da oso, aukera oso on bat. Bakoitzak bere abiapuntua izango du, eta baita bere helmuga ere: lanean euskaraz aritzea, kalean lagunekin hitz egitea...”.