Lasarte-Oriako Palestinaren Lagunek azken asteetan egindako elkarretaratzeak Palestina eta zehazki une honetan Gazan Israelek gauzatutako sarraskiaren aurrean, elkartasun ariketak izan direla adierazi dute.
“Hauekin ozenki besarkatu nahi izan dugu gure lagun palestinarren sufrimendu jasanezina, beraien lur gainean bakean bizitzeko azaltzen duten grina, eta egoera zakar honetan munduko komunitateari laguntza eske egindako eskaera. Besarkatu diogu gureak egiten baititugu beraien nahiak eta eskaerak giza eskubide eta justizia internazionalean oinarritutakoak eta dagoeneko gehiegitan bortizki urratuak izaten ari direnak”.
Salatu nahi dute, “1948. urtetik hona herri palestinarrak Israelen eskutik jasaten ari den “apartheid” egoera, eskubide urraketak, zigor kolektiboak... ehunka aldiz Nazio Batuen Erakundearen erresoluzioetan kondenatuak izan direnak,... eta eguneroko bizitza biziraupen tragiko batera baldintzatzen dutena. Eta testuinguru honetan gaur egun Gazako biztanleria pairatzen ari den egoera Israelen lur inbasioa eta zigor kanpaina dela eta”.
Gazako eremua, 45 km luze eta 6-14 km zabal duen lurraldea da. “Bere biztanleria 1.700.000 lagunartekoa, blokeo egoeran bizirauten ari da 2006. urtetik aurrera”.
Ordutik, azaltzen dute Lasarte-Oriako Palestinaren Lagunek, “hiru aldiz gauzatu ditu Israelek zigor operazio bortitzak Gazako biztanleriaren kontra. 2008, 2012 eta 2014an gaur egun oraindik aurrera darraiena, giza kalte ikaragarriak sortuz, hildako, zauritutako, elbarritutako heldu zein haur... eta etxe, eskola, ospital, azpiegiturak, arrantza portua eta instalakuntzak, argi indarra eta itsasoko ura tratatzeko plantak birrinduz. Hau palestinar herriaren aurkako exterminio politikaren jarraipena besterik ez da, Gazaren aurkako bonbardaketak amaituta ere jarraituko duen sarraskia”.
“5.000 miloi dolar eta urte asko behar izango dira hiru erasoaldi hauek hondatu dutena konpontzeko, baina ezinbestekoa da Israelek blokeoa altxatzea eta behar diren materialak sartzen uztea edota berarekin lerrotuta dagoen Egiptok Rafah-ko pasabidea irekitzea. Blokeoa bertan behera geratzea beharrezkoa da. Ezinezkoa da bestela aurrera egitea”.
Lasarte-Oriako Palestinaren lagunen arteko lotura, “gehiegi luzatzen ari den egoera lazgarri honen aurrean “nahikoa da” esateko sentitu dugun beharra da. Palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko sentitu dugun beharra, informazioa zabalduz, Isralei boikota aldarrikatuz, desblokeoa eskatuz... taldean, kalean, ozenki, gure ahotsa altxatu eta inguruko beste ahotsekin bat eginik”.
Elkartasun bazkariak
Laguntza ekonomikoa lortzeko iraileko igandetan abian jarriko dituzte elkartasun bazkariak. “Hasiera batean 4 elkarterekin jarri gara harremanetan eta erantzun baikorra jaso da”. Horrela izanda, lehenengo bazkaria igandean, irailaren 7an izango da Buruntz-Azpi elkartean. Datozen asteetan berriz, irailaren 14ean Arrieskalletan, 2ean Elebeltzen eta 28an XIRIMIRIn. Taldeko kideek, bazkariak antolatu edota bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.
Jasotzen den dirua Gazako UAWC proiektura bideratuko dela jakitera eman dute.