Euskaltegi zaharra enplegua sustatzeko erabiltzea eskatuko du EAJk

Iñigo Gonzalez Sarobe 2014ko irailaren 2a

Euskaltegi zaharreko espazioa autonomo eta ekintzaileentzat prestatu eta ahalbidetzeko proiektu bat garatzea, bi hilabeteko epean. Hori eskatuko dio EAJk Udalari, mozio bidez, irailaren 9an egingo den Udalbatzarrean.

Ganbo kaleko 1go zenbakian dago kokatuta euskaltegi zaharra. EAJren aburuz, 330 metro karratu baino gehiagoko espazioa eskaini dezake Udalak bertan, sektore ezberdinetako profesionalek erabil dezaten. Proiektua prestatzeaz gain, EAJk eskatuko dio Udalari harremanetan jartzeko lanbide heziketako eskolekin eta unibertsitateekin, ikasketak amaitzear dauden ikasleek aukera izan dezaten lan munduan lehen urratsak emateko.

Langabeziari aurre egin

Lasarte-Oriako EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak nabarmendu du ohar bidez Lasarte-Oria dela bailaran langabezia tasa “altuena” duen udalerria; uste du “ezinbestekoa” dela “bailara zein udal mailako garapen ekonomikoa sustatzeko” proiektuak martxan jartzea.

Euskaltegi zaharra coworking eredua erabiliz kudeatzea proposatzen du Alkortak: "Coworking formulak ahalbidetzen du profil desberdinetako sortzaileek espazio bakar batean lan egitea. Oso egokia izan daiteke eredu hori ideiak eta negozioak garatzeko”.