Enpresekin euskararen alde lanean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uzt. 22a, 15:39

Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Udalak Baietz gurean! egitasmoaren barruko hiru hitzarmen sinatu ditu herriko hiru enpresekin, Hotelera del Norte, Factory eta Aldikar. Laguntza honen bitartez, enpresek haien euskara erabilera indartuko dute.

Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea, Boris Nogales Euskara zinegotzia, Xabier Egea idazkaria eta Lasarte-Oriako hiru enpresetako ordezkariak, Mª Angeles Aranguren Hostelera del Norte-ren izenean, Factory-ko Xabier Urruzola eta Jesus Mari Alberdi Aldikar enpresako kidea izan dira hitzarmen sinaketan.

Ekitaldian azaldu denez, hitzarmen hauek Baietz gurean! egitasmoaren barruan daude kokatuak, urtebeteko iraunaldia izango dute eta enpresak zenbait ataletan euskaraz egitera konprometitzen dira.

Izan ere, egitasmoak Buruntzaldeko udalerrietan dauden hamar langile baino gehiagoko enpresetan jarduerak euskalduntzeko laguntzak ematea baitu helburu.

Laguntza puntualak

Bestalde, Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak aipatu duenez, herrian egoitza soziala duten elkarte eta enpresek haien jarduerak euskalduntzeko diru-laguntza deialdiak ere martxan daude dagoeneko. 

Laguntza hauek hainbat ataletan daude banatuak, errotuluak, irudi korporatiboa, web orrialdeak, programa informatikoak eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa. Hau guztirako, 3.500 eurotako laguntza dagoela azpimarratu du, baita Euskara batzordeko dirulaguntza sistemako zati bat dela ere.

Nogalesek jakinarazi duenez, aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira.

Eskaerak epe horretan zehar egin ahalko dituzte herriko enpresa eta elkarteek. Eskaera-orriak Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdean eta Euskara Batzordean daude eskuragarri. Informazio gehiago nahi izanez gero, enpresa edo elkarteek 943 376 184 zenbakira dei dezakete.