Gure ohitura eta kultura nazioartean hedatu eta ezagutzera emateko hainbat era daude. Kultur taldeek beste herrialdeetara egiten dituzte bidaiak dira horietako bide bat. Eta oraingoan, uztailaren 5etik 13ra hain zuzen ere, Erketz Euskal Dantza taldea izan da gure ondare kulturaleko lagin bat Italiara eraman duena. Zehazki, Festival Internazionale del Folklore Cittá de Sorrento jaialdian izan zen. Eta aurreko asteburuan, Burgosen izan zen.
Erketzeko Ruben Arranz lehendakariak azaldu digunez, “oso gustura ibili dira Italia aldean, baita Burgosen ere”.
Bidai luzea
Dantzari, musikari eta taldeko hainbat lagun uztailaren 5ean atera ziren Lasarte-Oriatik autobusean.
Lasarte-Oria eta Napoles artean dauden kilometroak ordea ez zituzten jarraian egin, bidean Florentzia eta Erroma ezagutzeko aukera izan baitzuten.
Besteak beste, Erromako Coliseo eta Fontana di Trevi edo Florentziako Santa Mari del Fiori eliza, zubi zaharra edo Palazzo Vecchio bisitatu zituzten.
Sorrentoko jaialdia
Era honetara, Erketz EDT-ko lagunak Napolesera iritsi ziren eta hiru ekitaldi eskaini zituzten Nazioarteko Folklore jaialdiaren barruan.
Hauetan Grezia eta Bulgariako beste lau dantza eta musika taldeekin batera parte hartu zuten.
Lehenik dantzari eta musikariek herriko kaleetatik desfilea egiten zuten eta ostean, emanaldiaren txanda zen. Herriko taldeak agurra eta desafioa, ezpata-dantza, arku dantza eta Gasteizko soka dantza eskaini zituen. “Bertako jendeari asko gustatu ziztzaien, batez ere ezpata-dantza ez delako oso ikusia”.
Turismoa egin
Eta ekitaldiak egin ostean ere, Napoles inguruko hainbat herrixkara hurbildu ziren Erketz EDT-ko lagunak.
Honela, Ponpeia, Vesuvio sumendia igo zuten edo Capri irlara ere hurbildu ziren.
Lasarte-Oriara bueltan, Pisan ere egin zuten geldialditxo bat. Bertan dorre famatuarekin hainbat argazki atera eta alde zaharra ikusi zuten.
Uztailaren 13an “autobusean ordu pila egin ostean” iritsi ziren herrira.
Burgos aldean
Baina astebeteko atsedenaldia ere ez zuten izan taldeko kideek. Izan ere, uztailaren 19 eta 20an, Burgoseko Adrada de Haza herrixkara egin baitzuen bidaia.
Larunbat arratsaldean bertako eta Avilako dantza taldeekin emanaldia eskaini zuen. Agurra eta desafioa, Gasteizko zortzikoa eta Valcarloseko Inauteriko zati bat eskaini zuen Erketzek.