Marka pertsonalak Espainiako infantil txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 29a

Uztailaren 23tik 25era bitartean, Buruntzaldea IKT-ko Nahia Jie Villamediana eta Ainara Garcia Bartzelonan izan dira Udarako Infantilen Espainiako Txapelketan parte hartzen.

Dominarik ekarri ez arren, marka pertsonalak eta esperientzia eskuratzeko balio izan die gazteei. “Bi taldekideak txukun aritu dira eta egindakoarekin pozik itzuli gara etxera”, azaldu du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Ainara Garciak 100 m. bular proban hartu zuen parte ostegun goizean. “Bere lehen aldia zen Espainiako Txapelketa batean eta urduritasuna handia izan bazuen ere, txukun egin zuen igeri,” adierazi du Apeztegiak. Proba honetan Ainarak 1'22''35 egin zuen.

 

Nahia Jie Villamedianak ostegun eta ostiral goizetan egin zuen igeri. Lehen egunean, 100 m. bizkar proba izan zuen eta bere marka hobetzea lortu zuen. Ostiralean, 200 m. bizkar proban ere bere marka pertsonala hautsi zuen.

Honetaz gain, bi igerilariek egonaldia Urbat, Tolosaldea eta Ordizia taldeko igerilariekin batera egin zutela aipatu du Bruruntzalde IKT-ko entrenatzaileak, “giro onean pasa zituzten Bartzelonan egondako 3 egunak. Horretaz gain esperientzia ere irabazi dute eta horrekin gustura itzuli gara”.