Jai giroa nagusi Orian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 16a

Karmengo Amaren egunean ohikoa den meza eta hamaiketakoa egin dute Orian. Hala ere, bertako bizilagun elkarteak auzoko jaiak indartzeko ahalegina egin nahi izan du eta egun osoan zehar beste ekintza batzuk egongo dira. Tartean, Sorgin dantza 18:00etan.

Goizean trikitixa eta pandero doinuek jarri dute jai giroa Orian. 10:30 inguru, haurrentzako buruhandiak egon dira eta handik ibili dira txokoetako umeak. Hauek bide batez, ur jolasak egin dituzte. Ostean, ohiko mezaren txanda izan da. Eguerdian herriko hiru apaizek gidatu dute Ama Birginaren omenezko meza. Honetan agurra dantzatu zaio eta Pilar Catalina sopranoak kanta bat eskaini du.

Meza bukatzean, hamaiketakoa egin dute bertaratutakoek Plazido Muxika plazan. Honetan ikusi ahal izan dira udaleko hainbat ordezkari.

Arratsaldean berriz, 17:00etatik aurrera kaperan, Sorgin Dantzaren historiari buruzko ikus-entzunezkoaren proiekzioa egingo da eta 18:00etan Oriako Sorgin Dantza egingo da. Jai egunari amaiera emateko Ibai Berriak taldearen kontzertua egongo da 19:30etatik aurrera Brunet-Enea parkean.