15 urte itxia egon ostean, Usurbilgo Udalak balorea eman nahi izan dio parkeari eta guztientzat erabilgarri izatea nahi izan du.
“Jende askok pentsatzen zuen hau leku pribatua zela. Baina kontutan izanda herrietan dagoen berde guneen beharra ireki dugu,” adierazi du Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak.
Usurbilgo Alkateak azaldu zuenez, horma handia kendu eta bi sarrera berri ireki dira eta hesiturak egurrezkoak jarri dira “parke batentzako egokiagoak“.
Aizpuruak azpimarratu nahi izan duenez, “hau ez parke urbanoa, bere jatorri horretan mantendu nahi izan da”.
Oraindik garbiketa eta egokitzapen lanetan badaude ere, hurrengo egunetan parkea guztiz erabilgarri izatea espero dute.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi izan dizkio Usurbilgo Udalak eremu honi balore gehiago eman eta ingurune berria osatzen lagundu duelako. “Irekiera egin ahal izatea ahalbideratu du. Aurreko errepidean kotxeek abiadura handia hartzen zuten eta Aldundiak hau egokitu du, baita espaloietan irisgarritasuna neurriak hartu ere“.
Lasarte-Oria onuradun
Nahiz eta Usurbilgo lurrak izan Lasarte-Oria ondoan dagoenez, onuradunak lasarteoriatarrak izango direla argi daukate. Horregatik aurkezpen honetan Lasarte-Oriako alkate eta hainbat zinegotzi ere izan dira.
Lasarte-Oriako alkateak Pablo Barriok eskerrak eman nahi izan dizkio Usurbilgo Udalari.
“Lasarte-Oriak falta duena berde guneak dira eta hau leku pribilegiatua da. Jendeak ohitura du paseoak emateko eta buelta hori ematerakoan beste aukera bat dute orain. Beraz, oso albiste pozgarria da guretzat“, onartu du alkateak.
Balio botanikoa
Parkeak bi gune ezberdindu ditu, batetik zelaia eta bestetik basoa.
Ibon Goikoetxea Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, zelaiak erabilera anitza izan dezake, "jolaslekua edo... eta basoan itzalaz gozatu ahalko da".
Baso honetan gainera balio botanikoa duten bi elementu daudela azpimarratu du, “60-80 urteko zedroak daude, atlaseko zedroa eta zedro urdinak eta banbu basoa. Leku gutxitan dago hau eta ikusgarria da”. Hauetaz gain, lizarrak eta astigarrak ere aipatu ditu.
Hau dela eta, erabiltzaileei parkea zaindu dezaten eskatu die Usurbilgo Udalak, "guztiona baita".